Aldiri. Arkitektura eta abar | |
---|---|
![]() | |
Mota | aldizkari zientifiko |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | euskara |
Argitaletxea | Udako Euskal Unibertsitatea |
Historia | |
Zuzendaria | Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuesta, Ula Iruretagoiena Busturia, Kepa Iturralde Lertxundi, Ander Gortazar Balerdi, Anartz Ormaza, Itsaso Larramendi Elexgaray, Ander Zangitu Orbea, Ianire de Andres Olabarria eta Laura Maioz Basterretxea |
Identifikadoreak | |
ISSN | 1889-7185 eta 1889-7185 |
aldiri.eus |
Aldiri. Arkitektura eta abar arkitektura eta inguruko gaiei buruzko euskarazko aldizkaria da, 2009an sortua eta 2021era bitarte arkitekturari buruz 46 ale argitaratu zituena.[1] Udako Euskal Unibertsitateak argitaratzen zuen. Hiruhilabetekari monografikoa zen, arkitekturaz gain beste hainbat diziplina ere ukitzen dituena ("eta abar"), besteak beste, hirigintza, artea, ekologia, paisaia, eraikuntza, geografia eta soziologia.[2][3] Urtean 4 zenbaki argitaratu zituen eta jatorrizko eta argitaragabeko ikerketak zabaltzea zuen helburu, arkitekturaren kritika eta didaktika lantzea ere bai. Dialnet eta Latindex indexazio-zerbitzuetan sartuta dago.[4][5] Testu guztiak CC-BY-SA lizentziarekin erabil daitezke eta irudiak egile-eskubideen pean, kontrakoa adierazi ezean. Aldizkariak diseinu zaindua du, eta arkitekturako eremu batzuetan aintzakotzat hartzen da aldizkaria.[6][7][8][9][10][11][12][13]
Aldizkariaren izena bizi garen "aldiri" izeneko espazio mota zehaztugabe eta mugagabetik dator. Literaturak sarri erakutsi du baserriaren eta kalearen arteko aldea, landako eta hiriko munduen arteko kontrastea. Azken hamarkadotan, berriz, lausotzen eta desagertzen ari da dikotomia hori. Landagunea hirigunearen antza hartzen ari da, eta alderantziz. Aldiri izeneko espazio mota zehaztugabe eta mugagabean bizi gara jada.[14]
Aldizkariko sortzaileak Unai Fernandez de Betoño, Ibai Gandiaga, Ula Iruretagoiena eta Agurtzane Elguren izan ziren. 2009an argitaratu zuten 0 zenbakia, "Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak" izenburupean,[16] eta lehendabiziko zenbaki hartako parte-hartzaileen artean, besteak beste, baziren Kepa Iturralde, Maider Uriarte eta Ander Gortazar ere, handik gutxira erredakzio-kontseiluko parte izango zirenak. Aldiri talde-lanaren emaitza izan da hasieratik, garai hartan baziren arkitekturazko oinarrizko liburu batzuk euskarara itzuliak (Müller-ren Arkitektura Atlasa,[17] Paricioren Arkitekturaren eraikuntza,[18] edo Solà-Moralesen Hiri-hazkunde motak[19]), baina taldeak euskarazko berezko sorkuntza bultzatu nahi zuen. Eta gainera, ez zuten soilik arkitekturaz modu ortodoxoan aritu nahi, beste hainbat aldizkariren moduan; bestelako gaiei ere tartea eskaini nahi zieten: hirigintza, lurralde-antolamendua, artea, soziologia, ekologia, ekonomia... Zenbaki bakoitzean Joseba Larratxe Josevisky arkitektoren komiki bat ere sartzen zuten.[20]
Aldizkariaren formatua akademikoagoa bihurtu zen denborarekin. Euskarazko Uztaro aldizkari zientifikoaren bideari jarraituz, Aldirik Dialnet, Latindex eta MIAR indize eta katalogo akademikoetan agertzea lortu zuen. Aldizkariko lantaldeak antolatzaile eta kolaboratzaile berriak integratzeko ahalmena erakutsi du urteak pasatu ahala. Leire Milikua, Anartz Ormaza, Ianire de Andres, Ander Zangitu, Itsaso Larramendi eta beste arkitekto batzuk ere bildu ziren proiektura. Horrela, 2020ko hasieran erredakzio-kontseiluko kideak hauek ziren: Unai Fernandez de Betoño, Ula Iruretagoiena, Kepa Iturralde, Ander Gortazar, Anartz Ormaza, Itsaso Larramendi, Ander Zangitu, Ianire de Andres eta Laura Maioz.[14][21][6][22]
Aldizkariak aukera ematen du euskaraz egiten ari diren ikerketak ezagutzeko, zabaltzeko; inguruko eta kanpoko proiektu interesgarriak ezagutzeko... adituekin egindako elkarrizketak irakurtzeko.
Unibertsitate mailako arkitektura-ikasketak ia osorik euskaraz ikasi ahal izatea lortu zen Euskal Herriko Unibertsitatean XX. mendeko hasieran 30 urteko ahaleginari esker, baina artean euskarazko arkitektura-ikerketa hutsaren hurrengoa zen aldizkaria sortu zenean, euskarazko tesi bakarra zegoen eginda garai hartan. Aldizkaria nolabaiteko hazia izan zen alor horretan eta aldizkariaren 10 urteurrenerako euskarazko tesiak hamar ziren, honako hauek:[24][25]
Arkitekturari buruzko artikulugintzan Aldiri zegoen bakarrik hasieran, eta horrela jarraitzen du. Kongresuetako artikuluei dagokienean ere progresio apur bat nabaritu da: arkitekturaz bi artikulu argitaratu ziren 2015ko Ikergazte kongresuan (M. Uriarte eta I. Otamendi),[27] hiru artikulu 2017koan,[28] eta lau artikulu Baionan antolatu zen 2019koan.[29]
Euskarazko berezko liburugintzan, arkitekturakoak UEUren magaletik sortu dira gehien-gehienak. Aldiri jaio zenean arkitekturari buruzko liburuak hiru baino ez ziren, baina aldizkariaren 10. urteurrenean 16 izatera heldu ziren.[30]
Inguma datu-basean arkitekturaz eta euskaraz argitaratu dena aztertuta ikus daiteke ekarpenen ia erdia (% 48) Aldiri aldizkarian argitaratu direla . Alegia, 2020. urtera bitarte egin ziren 519 ekarpenetatik 248 aldizkari horretan argitaratutako artikuluak ziren.[31]
Ikuspegi orokorrago bat hartuta, Aldiri sortu aurretik batez beste urtero 4 ekarpen egiten ziren akitekturaz eta euskaraz. Eta Aldiri 2009an sortu zenetik aurrera ekarpenak batez beste 38 izan ziren, horietako 22 Aldiriko artikuluak izan zirela. Alegia, Aldiri sortu zenetik arkitekturaz egin den euskarazko produkzioa hamar aldiz handiagoa izan da. Hazkuntzaren erdia baino gehiago aldizkariarengatik gertatu da, baina aldizkariarekin batera sortu zen arkitektura-komunitateak tarte horretan urtero beste 16 artikulu/hitzaldi ere sortu ditu. Argi dago 2009an inflexio-puntu bat gertatu zela hazkuntza horretan, eta aldizkaria funtsezko ekarpena izan dela euskarazko arkitekturan.[31]
Zenbaki bakoitza monografikoa izanda, Aldirik hainbat gai jorratu ditu 10 urtetan, jendeari hainbat alor gerturatu dizkio; eta hein batean, ikertzailez, idazlez eta irakurlez osatutako sare bat josi du. Hauek dira landu zituen gai monografikoen gaiak:
|
|
|
Aldizkarian ekarpen oparo egin duten egileen artean, besteak beste, hauek azpimarratu daitezke: Ibai Gandiaga (19), Maider Uriarte (16), Unai Fernandez de Betoño (13), Ula Iruretagoiena (13), Kepa Iturralde (10), Leire Milikua (9), Anartz Ormaza (8), Lauren Etxepare (7), Gaizka Altuna (7), Ander Gortazar (7), Zigor Iturbe (7), Mikel Azkona, (6), Inhar Agirrezabal (5), Daniel Carballo (5), Ianire de Andres (4)...
Azaleko diseinuetan besteak beste hauek aritu dira: Sahatsa Jauregi, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Asier Larraza, Daniel Tamayo, Eunate Torres-Modrego, Miriam Isasi, Ainara LeGardon etab.
![]() |
Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian |