Deba eta Zumaia arteko mareartea
Gipuzkoako kostaldeko flyschen egitura

Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea edo Deba-Zumaia flyscha euskal kostaldeko marearteko zabalgune bat da, flysch batean eratua, ingurune garrantzitsua bertako biodibertsitateagatik eta mundu mailako erreferentzia geologikoa izateagatik. Zortzi kilometrotako itsaslabar tartea du, eta hauek abrasio plataformez osaturiko oinarriak dituzte. Ekosistema hau elementu geologiko, paisajistiko eta natural bereziek osatzen dute. Bertako flyschak garrantzi geologiko handia du, bertan ondo ikus baitaiteke Paleozeno-Eozeno muga eta K-T muga. Paleozeno garaiaren zabalera osoa hoberen ikusten den munduko lekua izendatu zuen Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.[1][2][3] Horretaz gain, dano-selandiar[4] eta selando-thanetiar[5] mugek ere bertan dute euren estratotipoa.[2]

Deba eta Zumaia arteko itsasertza babestutako biotopoa da 2009tik, bere natur-balio handiarengatik. Babestutako gunea Debako Haitzandi eta Zumaiako Haitzabal tartean dago.

Historia geologikoan Euskal Herria urpean egon da. Momentu batean itsaso azpian zeuden harriak tolestu eta azaleratu egin ziren, eta gaur egun ikus daitekeen erliebea osatu zuten. Zerikusia du Pirinioetako mendilerroaren eraketarekin.

Kokapena

Geologia eta geomorfologia

Flyscha itsasotik.

Euskal Herriko kostan Flysch ugari ikus daiteke, baina Deba eta Zumaia artekoa da ikusgarriena. Gainera, Zumaiako Itzurun hondartza nazioarteko erreferentzia geologikoa da, bertan K-T muga (Kretazeo eta Tertziarioaren artekoa) eta P-E muga (Paleozenoaren eta Eozenoaren artekoa) ageri baitira.

Deba-Zumaia kosta-eremua, 8 kilometroko luzerarekin, itsasoko higadura intentsua jasaten duen kostalde malkartsua izateagatik karakterizatzen da batez ere. Horrela, kostaldean zehar, sargune edo senaiak eta irtenune edo muturrak aurki daitezke. Higadura hauen emaitza labarrez jositako kosta izan da; berauen oinarrian, egungo marearteko zabalguneak agertzen dira.

Inguru honetan ikus daiteke, itsasoaren higatze-lanaren ondorioz, itsaslabarrek atzerapen bortitza jasan dutela, eta gaur egun ere jasaten ari direla. Bertan, material-geruza gogorrak (kareharri eta harearriak) eta bigunagoak (margak eta material buztintsuak) txandakatzen direnez, eratzen den material txandakatzeak sortzen du higadura nabaria izatea. Ekaitzetan adibidez, olatuek bortizki ekiten dute ezponda arrokatsuen kontra. Arroka bigunez osaturiko mailek ezin dutenez olatuen inpaktu jarraituaren aurrean iraun, amilduz joaten dira, eta inguruko geruzak beraiekin garraiatzen dituzte. Horrela, itsaslabarrean bloke-erorketa handiak gertatzen dira, eta kosta-lerroaren atzerapen progresiboa sortarazten dute eta, oinarrian, itsas higadurak sorturiko azalera edo marearteko zabalgunea eratzen dute.

Kosta-sektore honen beste garrantzia handiko ezaugarria ibilbide laburreko haranen presentzia da. Kilometro bateko luzera dute, eta malda txikikoak eta soslai irekikoak dira. Haran hauek, itsas mailaren gainetik eskegita gelditzen dira 10 eta 30 metrotara, eta ura ur-jauzi eran (Mendata errekastoa) edota labarraren hormetatik (San Martin eta Lorazokoak) itsasoratzen dira. Ibilbide handiagoko (2-3 km) eta morfologia meharretako beste haranak hondartza harritsuetan itsasoratzen dira, eta ondorioz, itsaslabarraren fronte jarraitua eteten da. Horrelako haranen adibideak Arronomendi, Oskon eta Sakonetako errekastoak dira.

Flysch motak

Estratuak agerian, ia zutik.

4 Flysch mota bereiz daitezke Deba eta Zumaia artean.

Tarteak

Flysch honek marearteko zabalgune handia du bere azpian eta jarraipen eta erresoluzio handiko informazioa ematen du. Honakoak dira identifika daitezkeen tarteak:

Biologia

Deba-Zumaia biotopoaren aniztasun biologiko ekologikoa nabarmena da. Eragin antropiko txikia du gainera, eta horregatik biodibertsitatearen kontserbazioa nahiko ona da.

Naturaren aldetik duen interesa higadurak sortzen dituen inguruneen aniztasun handian oinarritzen da; horri esker, txoko ekologiko ugari bereizten dira eta landare eta animalia dibertsitate handia ikus daiteke zabalgunearen marearteko zonan. Hango animalia interesgarriak dira pottorroa (Alca torda), kaio hauskara (Larus argentatus) eta martina (Uria aalge).

Fauna

Knidarioak (Aktiniak, anemonak eta marmokak)

Poliketoak (Itsas zizareak)

Ekinodermoak

Moluskuak

Krustazeoak

Arrainak

Hegaztiak


Flora

Zabalgunearen hondoaren arabera, hainbat alga mota egoten da.

Sakonera handikoak

Alga arreak

Alga berdeak

Paleontologia

Itsaslabarren parte batzuek interes paleontologikoa dute, eozeno garaiko lorratz fosil edo iknofosilak dituztelako, bereziki Itzurun hondartzako inguruneak, eta Zumaia eta Getaria artean kostaldetik doan errepide ondoko itsasertza[6].

Ingurune honetan aurkitutakoen artean nabarmentzen dira Rotundusichnium zumayensis, zeinaren interpretazioak eztabaidagai dira oraindik (izakia bera barik, haren mugimenduak edo bizi-ohiturek utzitako arrastoa da iknofosila). Munduan aurkitutako Saerichnites abruptus alerik handiena ere da itsaslabarrotakoa da. Beste iknofosil batzuk: Zoophycos, Chondrites, Lorenzinia, Scolicia, Helminthopsis, Helminthoida laberyntica, Tapherminthiopsis, Subphylocorda, Belorharpe, Cosmorharpe, Megagrapton, Paleodictyon, eta abar.

Turismoa

Deba eta Zumaia artean aurkitzen den zabalgune honek milaka turista erakartzen ditu urtero.

Flyscha pantailetan

Gipuzkoako kostako eremu hau telebista eta zinema munduko hainbat produkzioren parte izan da. Produkzio hauen boomak turisten etorrera areagotu du azkenengo urteetan. Proiekturik esanguratsuenak Game of Thrones telesaila eta Ocho Apellidos Vascos filma izan dira.

Itzurungo hondartza

Game of thrones eta Ocho apellidos vascos produkzioez gain, Zumaia beste hainbat filmazioen eragin-gune izan da. Esaterako,  Zipi y Zape 2, Handia edo Lasa eta Zabala.

Proiektu artistiko hauen grabaketek bisiten igoera eragin dute. Zumaiako turismo bulegoaren arabera, 2017ko Aste Santuan 2.252 pertsonen bisita jaso zuten 10 egunetako oporraldian. Horretaz gain, aipatzekoa da ere Geoparkea osatzen duten hiru herriek antolatutako bisita gidatuen igoera. 57 bisita egin ziren eta guztira 1.416 pertsonek hartu zuten parte; 2016an baino 893 gehiago.[9]

Ibilbideak

Flyscheko ibilbidea

Zumaia eta Deba arteko paisai bukoliko eta muino berdeez gozatzeko, hainbat ibilbide daude txangozaleentzat. Famatuena Zumaiako San Telmo ermitatik Debako hondartzaraino doana da. Ibilbide honen zailtasun bakarrak distantzia eta etengabeko maldak dira. Bideak egokiak dira eta marka txuri eta gorriz bereiz daitezke. Gezi horiak ere aurki daitezke. 13,1 Km-ko ibilbidea da eta 5 ordutan egin daiteke.[10][11]

Nola iritsi

Marearteko zonalderako ekialdeko sarrera Zumaiako San Telmo baseliza azpian dagoen Algorriko kalatik egin daiteke. Zumaiara A8 autobidea hartuta irits daiteke, eta behin herrian sartuta Itzurun hondartzarako bidea hartu behar da (ondo seinaleztaturik dago). Hondartzaren ezkerraldean dago ermita, amildegiaren gainean, eta are ezkerrerago Algorrira daraman bidexka. Algorrira eskailera batzuetatik jaitsi daiteke. Bertan dago, hain zuzen, Kretazikoa eta Tertziarioa bereizten dituen K/T mugaren arrastoa.

Elorriagatik

Elorriagatik naturagunearen erdira irits daiteke. Zumaia eta Deba arteko N-634 errepidea hartu behar da, Elorriaga auzora iristeko. Arroatik 3 km ingurura dago Elorriagarako bidegurutzea. Autoa auzoan bertan edo aurrerago dagoen parkean utz daiteke. Hain zuzen, pare horretatik irteten da Endatara jaisten den bidea.

Sakonetatik

Sakonetako hondartzara iristeko Itziarko Itxaspe auzorako bidea hartu behar da (N-634 errepidean dago bidegurutzea, Itziarren bertan), eta auzora iritsi aurretik eskuinera hartu. Errepidea trenbideraino iristen da, eta handik aurrera jarraitzea debekatuta dago. Bertan bada autoa uzteko lekua. Handik hondartzara 5 minutu inguru daude oinez.

Kutsadura

Itsasoen kutsadurak Gipuzkoako kostaldea ere ukitu izan du hainbat momentutan. 2018ko urrian flyschetan pilatutako zabor guztia erakusten zuen bideo bat zabaldu zen sare sozialetan.[12]

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ingurumen zuzendaritza 2016tik Life Lema izeneko proiektuan murgilduta dabil, Surfrider eta Aztirekin batera. Itsasoaren garbiketan eta kontzientziazio hiritarrean lan egiten dute. Azkenengo datuen arabera, hondakinen bilketa %18 bat jaitsi da populazioaren laguntzari esker.

Erreferentziak

  1. Altonaga, Kepa. (L.G. 2021). Iridioaren mintzoa : meteoritoa eta dinosauroen akabantza / Kepa Altonaga.. Pamiela Argitaletxea ISBN 978-84-9172-223-6. PMC 1260195314. (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  2. a b Turrau, Cristina. (2010-7-5). El 'flysch' de Zumaia ya es referente internacional de la historia de la Tierra. Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2011-1-31).
  3. Mutiozabal, Aritz. (2007-06-21). Zumaiako 'flysch'-ari eman diote Paleozenoko estratipo izendapena nazioarteko adituek. Berria (Noiz kontsultatua: 2011-1-31).[Betiko hautsitako esteka]
  4. International Commission on Stratigraphy (ICS) CONSOLIDATED ANNUAL REPORT FOR 2007. ICS 2007-12-21, 199 or. (Noiz kontsultatua: 2011-1-31).: 61. orrialdea: The Danian/Selandian boundary will be placed at the base of the Itzurun Formation in the Zumaia section at San Telmo Beach.
  5. International Commission on Stratigraphy (ICS) CONSOLIDATED ANNUAL REPORT FOR 2007. ICS 2007-12-21, 199 or. (Noiz kontsultatua: 2011-1-31).: 61. orrialdea: The Selandian/Thanetian will be placed at the base of magnetochron 26n in the same section.
  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Geologia Interesdun Lekuen Inbentarioa, Eusko Jaurlaritza. GIL 135 / Zumaia-Getariako Eozenoko flyscharen lorratz fosila. (Noiz kontsultatua: 2021-02-09).
  7. (Gaztelaniaz) «Comienza el montaje para la grabación de 'Juego de Tronos' en Zumaia» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  8. (Gaztelaniaz) «Zumaia inspiró el pueblo ficticio de 'Ocho apellidos vascos'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  9. (Gaztelaniaz) «Zumaia sigue atrayendo a turistas. Noticias de Gipuzkoa» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).[Betiko hautsitako esteka]
  10. 1976-, Martín Álvarez, Ibon,. ([2003-2004]). Rutas para descubrir Euskal Herria. Travel Bug ISBN 8460770117. PMC 433097442. (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  11. Asier., Hilario Orús,. (LG 2012). Flysch biotopoa : bidaia bat bizitzan eta denboran zehar: biotopo oso geologiko baten sekretuak eta ibilaldiak ulertu ahal izateko gidaliburua.. Gipuakoako Foru Aldundia, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko Departamentua = Departamento de Innovación, Desarrollo Rural y Turismo ISBN 9788479076832. PMC 863195433. (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  12. «Zumaiako Flisch-ak plastikoz beteta» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).

Ikus, gainera

Kanpo estekak