Manuel Larramendi

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakManuel Garagorri de Larramendi
JaiotzaAndoain1690eko abenduaren 25a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaLoiola1766ko urtarrilaren 29a (75 urte)
Hezkuntza
HeziketaSalamancako Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakapaiza, historialaria eta idazlea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Literaturaren Zubitegia: 285

Manuel Larramendi Garagorri[oh 1]Aita Manuel Larramendi deituraz ezaguna— (Andoain, Gipuzkoa, 1690eko abenduaren 25a - Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1766ko urtarrilaren 29a) idazle jesuita izan zen. Gurasoak Txomin Garagorri eta Manuela Larramendi zituen: oso ongi ez dakizkigun arrazoiengatik, amaren deitura hobetsi zuen. Haren idazlanetan ikus daitekeenez, euskararen defendatzaile sutsua zen. Kultura handiko gizona, jarraitzaile anitz izan zituen. Idazlan gehienak gaztelania jasoan egin zituen. Euskaraz egin zituenak ez dira maila apalagokoak.

Bere garaiko idazle askoren gidari ageri zaigu, euskarazko lan askoren zuzenketak egin eta atarikoak idatzi baitzituen. Euskal testuen ekoizpenaren erdigunea XVIII. mendetik aurrera Lapurditik Gipuzkoara nola igaro ziren azaltzeko arrazoi ekonomikoak-eta aipatu badira ere, hein batean Larramendiren eraginari esker gertatu zela defendatu dute zenbait ikertzailek.

Larramendismoa

Larramendismoaren korronte ideologikoa XVIII. mendearen lehenengo zatian garatu zen, eta andoaindar idazleak eman zion izena korronte horri. Ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

Larramendismoaren ideologia foruak galtzeko beldurraren ondorioz sortu zen. Planta berriko dekretuak delakoaren ondorioz piztu zen eta 1717an aduanak kostaldera eraman zituztenean areagotu egin zen. Gainera, Madrilgo intelektualen artean Euskal Herriko foru-pribilegioen kontrako kanpaina bultzatu zen. Etsai-giro horretan sortu zen filosofia larramendista, euskal nazionalismoaren aurrekarietako bat izan zena, hain zuzen ere.

Sobre los fueros de Guipúzcoa argitaragabean (1756-58, 1983), "Pirinioko Probintzia Batuak" (Provincias Unidas del Pirineo) izeneko egitasmo baten alde hitz egiten du, non zazpi euskal lurraldeak estatu aske batean batuko baitziren. Haren batzar nagusian, diputatuek euskaraz jakiteak nahitaezkoa izan behar zuen.

Gipuzkoarentzako aukera politikoak, Larramendiren arabera

1. Ingalaterrarekin bat egitea.

2. Frantziarekin bat egitea.

3. Kantabriako erresuma sortzea.

4. Gaztelarekin bat egitea.

5. Pirinioko probintzia batuak sortzea (Euskal Herria).

Larramendiren hitzaldi bat

« Zergatik euskarak, hain hizkuntza biziak eta beste edozein baino zaharragoak, ez ditu euskaldun guztiak batera eta elkarrekin nazio aske batean, beste hizkuntza eta nazioen menpekotasunetik at ikusiko? Zergatik egon behar dute Espainiako hiru lurraldek (Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak) Gaztelaren menpean (eta zer ez nuke esan behar Nafarroako erresumaz?) eta beste hiruk (Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak) Frantziaren menpean? »

—Aita Manuel Larramendi


Lanak

El imposible vencido
El imposible vencido (1729), euskararen lehen gramatika (hemen Ezina egina liburuaren 1853ko edizioa)
Larramendiren Hiztegi Hirukoitza 1745.

Euskaraz: Larramendik euskararen bikaintasunaz konbentzitu nahi zituen hala erdaldunak nola batez ere euskaldunak, baina liburu guztiak gaztelaniaz idatzi zituen, bilatzen zituen irakurleek (euskara landu behar zutenek, elizgizonek batik bat) ez zutelako euskaraz irakurtzeko inolako ohiturarik. Hala ere, euskaraz idazten oso ondo zekien. Euskaraz idatzitako testuek berrehun orrialde inguru betetzen dituzte. Bere liburuetako idatzi laburrez gain, elizako sermoiak, lagunei idatzitako gutunak eta hitzaurreak ere badira.

Argitaratze atzeratuak

Larramendiren obra nagusi batzuk, politikoenak, ez ziren haren idatz-garaian argitara eman, ekarriko zizkioketen arazoengatik, eta isilarazita geratu ziren, ondoko mendeetan lagun argitaratzaileren bat arte. Hala, bada, haren idazlanetatik galdu ere egin ziren zenbait: Gipuzkoaren historia bat, adibidez.

Euskal testu bat, adibidetzat

Manuel Larramendiren omenezko monumentua Andoainen. Larramendiren heriotzaren bigarren mendeurrenean jarria.
« Eztakit zer esain dizutedan. Aspaldi nabil nola Euskal Erriak edertu, ta jasoko ditudan. Bost gau illun, eta bost egun argi iragoak ditut, egiteko onetan; baita gure euskera, izkuntza guztien zarrena aien garai nola ezarriko dedan. Baña ezta sinistekoa zer gertatzen zatan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela. Ezta ezer; oiek jakiñezak dirade, zer darauskioten ere eztakitenak. Besteak obeko nukeala itxegi beargai goragoren ta ederragoren bati. Ezta anik: oiek alperpotzak dira berok, ez gorago ez berago dan lanik ukitu ere nai eztutenak. Elakio hitzonzia, beargai txar diokan horri, ta ara ni itxekiko natxeok prestuagoari. Ainbeste urtean neabile ezagutu naiez gure hizkuntza miragarriaren txitezkoak, ta etzeatiet oraindikan osoro ezagutu; ain dek beargai au andi, larria. Eta lotsatzen ez aiz hi ta hire lagun oroitzar horiek, lan txarra deitzea lanik gaitzen ta latzenari? Hi ta hire ballerakoak besterik ezpaliz mendarte oietan, euskeraren saietsetik euskaldunok galduak, baita tuak ere gindukek, erdaldunen bekaitzez ezin ekusiaz, ta juzku gaiztoz. Baldin elkar artzen bagendu guziok, nor bere sallari ditxekala, Franzian ikaratuko gintuke franziar guziak, ta Españian españiar guziak. Non da ordea elkarte hori? Nagokan isillik. Nere min garratzena da, are eztakuzkula onetatik darraizkun kalteak eta gaitzak; era, dirudienez, ezagutuko ere eztitugula, ditugun on piskak galdu ditzagun artean. »
Manuel Larramendi: Corografía de Guipúzcoa, 1754

Jarraitzaileak

Manuel Larramendiren obrak haren garaikideengan itzal handia izan zuen, Mendiburu, Kardaberaz, Mikelestorena eta Ubillosengan, esaterako, baita hurrengo mendeetako idazleengan ere, Agirre Asteasukoa, Añibarro, Duhalde...[3]

Euskara erabiltzeko testuinguruak Lazarraga eta Larramendiren artean

Larramendiz geroztik (XVIII. mendea), euskarak bazterreko erabilera izan du Hego Euskal Herriko eliteetan, eta lehenagoko garaietan ere Hegoaldean erabilera molde hori nagusi zela uste izan zen. Lazarragaren eskuizkribua aztertuta, Pruden Gartziaren ustez eskema hori hautsi egin zen:

« Larramendik gauza garrantzitsuez gaztelaniaz idazten zuen, eta herri xehearentzako gauzak euskaraz. Ez zen hori Larramendi baino lehenagoko idazleen joera. Lazarragak jende ikasiarentzako literatura idatzi zuen euskaraz, eta erdaraz kronika historikoa batez ere. Zer klabe dago banaketa horretan? Oraindik ez dakigu, baina argi dago ez dela Larramendiz geroztik egin izan den banaketa. »

—Pruden Gartzia[4]


Oharrak

  1. Larramendi amaren abizena da eta Garagorri aitarena, ohikoa den abizenen ordena aldatu zuen.

Erreferentziak

  1. Txantiloi:Koldo Mitxelena, 1959, "La obra del Padre Larramendi", ''Obras Completas'' XI, 431
  2. Txantiloi:Joseba A. Lakarra, 1985, "Larramendiren hiztegigintzaren inguruan", ''ASJU'' XIX(1), 9-50
  3. «"Larramendiren eragina ez zen hitz berriak erabiltzera mugatu" - Urtzi Reguero Ugarte - Zizurkil» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  4. Juan Luis Zabala: «Topiko zaharren birrintzailea», Berria, 2008-12-11. [Artium museoan Lazarragari buruz eginiko jardunaldien kronika.]

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak