Mugen gudua
Lehen Mundu Gerra
Mendebaldeko frontea
Belgikako armada 1914an
Data1914ko abuztuaren 7a-1914ko irailaren 6a
LekuaLorrena eta Ardenak
Koordenatuak46°N 2°E / 46°N 2°E / 46; 2
EmaitzaAlemaniar garaipena - Marneko Lehen Guduaren hasiera
Gudulariak
 Alemania  Frantzia
 Belgika
 Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
Buruzagiak
Alemania Helmuth von Moltke Frantzia Joseph Joffre
Belgika Alberto I.a Belgikakoa
Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua John French
Indarra
68 dibisio 74 dibisio
Galerak
206.515 (Abuztua)
99.079 (Irailaren 1–10)
Frantzia 329.000 (abuztuaren 6 – irailaren 5)
Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua 29.597 (abuztu–iraila)

Mugen gudua (nederlanderaz: Slag der Grenzen; frantsesez: Bataille des Frontières; alemanez: Grenzschlachten; ingelesez: Battle of the Frontiers) Lehen Mundu Gerraren Mendebaldeko frontearen lehen gudua izan zen eta gaur egungo Frantzian eta Belgikan gertatu zen. Borroka honetan bi plan ezberdin aurrez aurre jarri ziren funtzionamenduan; Joseph Joffreren XVII plana eta Helmut von Moltkeren Schlieffen Plana. Lehena Frantziatik Alemaniarantz zihoan eta Alsazia-Lorrena gurutzatu behar zuen, Frantziak 1871n galdu zituen probintziak berreskuratzeko eta handik Berlinera abiatu baina plana ezerezean geratu zen Schlieffen jeneralak sortutako planak arrakasta handia izatean, Frantziarrek hainbat dibisio beren hiriburua babesteko atzeraarazi baitzituzten. Schlieffen planaren funtzionamenduak alemaniar armada Belgikatik gurutzatzea eragin zuen, Frantziako defentsekin Lorrenan topo ez egiteko. Belgikaren gurutzatzea BAE-aren (Britainiar Armada Espedizionarioa) presentziagatik moteldu egin zen hegoaldean, baita Liejako setioarengatik ere. Hala ere, Alemaniarrek aurrera egitea lortu zuten eta horrela Mugen Guduaren azken gertakari nabaria, Marneko Lehen Gudua, hasi zen, Paris defendatzeko borroka.[1]

Aurrekariak

Sakontzeko, irakurri: «Schlieffen plana»

Alemaniarren ikuspuntutik denbora luzez egon zen argi Belgika gurutzatzea beharrezkoa izango zela Frantzia garaitzeko, aurreko urtetan denboran behin eta berriz Belgiar enbaxadoreari ezetz esan bazioten ere.[2] Alemaniar estrategiak lehentasuna eman zion Frantziaren aurkako erasoari, Errusiarekiko frontea hasieran egoera defentsibo batean kokatuko zen, Paris erori arte. Pentsaera horrek 1891tik, lehenengo plana garatu zenetik, aurrera ez zuen aldaketa handirik jasan. Frantzian aurrez aurreko erasoak suntsigarriak eta ugariak izango zirela espero zen, arrakasta mugatuak ekarriko zituztenak, batez ere frantziarrek eta errusiarrek Alemaniarekin mugan zituzten gotorlekuak modernizatu ondoren. Honengatik, Alfred von Schlieffen, Alemaniar Inperioaren Oberste Heeresleitungaren (OHL, "Estatu Nagusia") agintariak, 1891-1906 urteen artean Frantziako mugan kokatutako gotorlekuak gailentzeko planak sortu zituen. Alboetatik garatutako eraso bat izan zen oinarrizko ideaia, zeinak tokiko nagusitasuna izango zuen eta garaipen erabakigarria azkar lortu ahal izango zuen. 1906. urterako jada zehazturik zegoen maniobrak neutrala zen Belgika gurutzatuko zuela, zuzenean Pariserantz abiatzeko. Schlieffen-en ondorengoak, Helmuth Von Moltke, plana moldatu zuen frantziarren erantzun posibleen aurka prest egoteko. Haren ustean erasoa oraindik Belgikatik garatu behar zatekeen, baina gainera zuzenean Frantziaren erditik eraso bat garatzeko prest egon beharko ziratekeen. OHL-ak ulertzen zuen Frantziarren lehentasuna Alsazia-Lorrenako lurrak berreskuratzea izango zela, eta gerra hasi baino lehen motelki gero eta unitate gehiago mugitu egin zituzten mugetara, Belgikara zuzendu ordez. Honela ere, guztira 1.700.000 gizonek garatuko zuten erasoa. Alemaniako armada nagusiak Belgikan zehar joatean hegoalderantz joko zuen Frantziara. Maniobra honen ondorioz frantziar armadak ezkerreko hegalean bilduta geratuko ziren, atzera egin ahal gabe; frantziar gobernuak bere burua bakea eskatzera behartuta ikusiz.[3]

Belgikako Erresumaren agintaritza militarrak ulertzen eta espero zuen edozein potentzia Europarrek haren mugak erasotzekotan, besteek herrialdearen integritate politikoa babesten languduko zutela. Hau hala zehazten zen Londreseko 1839ko tratatuan, hain zuzen. Gaurko ikuspegitik Alemaniar mehatxua gehien aztertu bada ere, garaiko belgikar iturriek Frantziar inbasioaren beldurra aipatzen dute, baita 1914ko abuztuan ere, Alemaniaren aurka posizioak lortzeko helburuarekin.[2] Honen arazoa, oinarrian, Britainia Handiaren figura bakegilean zegoen. Aliantza Anglo-Frantziarra askotan aipatzen bada ere (aurrerago Errusiarekin batera "Entente" famatua bilakatuko zena), 1914ko udan gerra deklarazioak zabaltzen hasi zirenean Britainia alde batera geratuko zela zirudien.[2] Hala ere, Schlieffen Planaren exekuzioan, zehazki alemaniarrek Belgikaren neutraltasuna ezabatzean, Britainia Handiaren erantzun belikoa behartu zuten. Momentu hartara arte Britainiar Alderdi Liberala, boterean zegoen alderdia, gerraren aurka egon zen; Herbert. H. Asquith lehen ministroak uztailaren 24an bere emazteari hurrengoa idatziz. [4]

« Benetako "Armageddon" batetik hurbil gaude, neurtzeko edo irudikatzeko moduan. Zorionez, ez dirudi ikusleak baino gehiago izateko arrazoirik dagoenik. " »
H. H. Asquith

Britainia Handiaren gerra deklarazioaren arrazoia, ondorioz, Alemaniarren presatan aurkitu dezakegu. Hauek, Belgikar inbasioa justifikatzeko, Frantziar unitateek jada Belgikaren muga gurutzatua zutela argudiatuko zuten, laster gezurra zela frogatu zena.[2] Belgikar Estatu Nagusiaren egoera ez zen ona gerraren hasieraren aurreko egunetan. Antonin de Selliers de Moranville, Belgikar armadaren buruak, urte bereko maiatzean lortu zuen bere postua; hau da, hiru hilabete izan zituen soilik gerraren deklaraziora arte bere gerra-planak zehazteko. Moranville uztailaren 29an armadaren mobilizazioa prestatzen hasi zen, oraindik ere Alemaniak ala Frantziak muga nork lehenengo gurutzatuko zuen jakin gabe.[5]

Orokorrean, tropen kokapena termino oso zabaletan prestatu zen soilik, denboraz larri. Mobilizazioa hastean erregea komandante buru bihurtu zen eta armada non kontzentratu aukeratu zuen. Hala ere, hau azken momentuko erabakia izan zen, hartara arte estatu nagusia bitan banatuta egon zelako. Alde batetik, Frantziarren élan taktiken aldekoak zeuden, École de Guerre-n ikasitako general frantziazaleak nagusiki. Hauek, oinarrian, armada osoa mugan kokatzea proposatzen zuten eta eraso zuzen bat bilatzea zeukan helburu. Frantziarren erara, offensive à outrance-ren aldekoak ziren ("Ofentsiba amorratua" Euskaraz). Hauen aurka aipatutako Alberto I.a eta Émile Galet zeuden, Albertoren aholkulari militarra. Azken orduan, erregeak hitza zeukanez, haren ikuspuntua ezarri zuen. Oinarrian, Belgikako armada erdialdean metatu beharko zuten, Belgikako "Gotorleku Nazionala" izeneko esparruan, edozein etsairi aurre egiteko prestatuta zegoena. Gotorleku Nazionaletik at, Liejako eta Namurreko posizio gotorlekuak denbora luzez setio egoerak jasateko prestatuta zeuden, mugetako posizioak babestuz. Berrarmatze plan berriaren hausturaren erdian, belgikar soldadu mobilizatu eta desantolatuei mesede egingo ziekeen atzeratutako posizio bat izateak, egoera hoberenean borrokatzeko; eta defentsarako gotorlekuak ere beharko ziratekeen, mugan zeudenak. Kontuan izan behar da bestalde soldadutza 1913an soilik ezarri zela Belgikan; eta ondorioz hurrengo urtean gerra pizteko momentuan oraindik ere errekrutatutako tropen kantitatea ez zela behar bestekoa.[2]

XVII Plana eta garatuko ziren ofentsiba Frantsesak.

Frantziaren kasuan, garatutako XVII Planaren arabera, momentuko bake-armadatik bost gudaroste eratu behar ziren. 2.000.000 gizon ingurukoak. Armada bakoitzak, gainera, atxikitutako erreserba-dibisioak zituen atzekaldean, baita bina erreserba-dibisio ere ipar eta hego hegaletan. Armadak Épinal, Nancy eta Verdun - Mezières inguruan bildu behar ziren, Alemaniako mugaren aurrean, Sainte Menehould - Commercy inguruan erreserba-armada bat kokaturik. 1871tik aurrera trenbideen garapena azkartu egin zen, 1914an guztira hamasei linea izatera iritsi arte: alemaniak, bitartean, soilik hamairu zituen. Honek Frantziarrei azkar erantzuteko abantaila emango ziela espero zuten, tropak etsaiak baino azkarrago mobilizatuz. Alemaniarrek erreserbako tropak erabiliko zituztela aurreikusten zen, baina baita Errusiako mugan alemaniar armada handi bat mobilizatuko zela ere, mendebaldeko armada Mosa eta Sambre ibaietatik hegoaldera Belgikan aurrera egiteko adina tropekin utziz. Frantziako inteligentziak 1905eko Alemaniako Estatu Nagusiaren mapa-ariketa bat lortu zuen, non alemaniar tropak Belgikan garatuko zuten plangintza agertzen zen. Honetan erakusten zen Namurretik iparrera joateko intentziorik ez zegoela; baita setio neurriak hartuko zirela ere. Inteligentzia hori ukanik ere, Frantziar Estatu nagusiak Belgikaren aurkako neurri defentsiboak zirela pentsatu zuten, ez ofentsiba baterako prestaketak. Honekin ere, Belgikako hego-ekialdetik Mézières aldera garatutako alemaniarren ofentsiba aurreikusten zen, baita Lorrenatik Verdun, Nancy eta St Dié-rantz mugimenduak.[5]

Horrela, Lehenengo armada (Auguste Dubail), Bigarren armada (Edouard de Castelnau) eta Hirugarren armadak (Pierre Ruffey) Épinal eta Verdun artean kontzentratu behar ziren, Alsazia eta Lorrena parean, eta Bosgarren armada (Charles Lanrezac) Montmédytik Sedan eta Mézièresera bildu behar zen. Laugarren armada (Ferdinand de Langle de Cary) atxiki behar zuten, Verdunetik mendebaldera zein ekialdera joateko prest, Belgikarantz, edo hegoalderantz, Lorraineko eraso baten iparraldeko hegalari erasotzeko. Ez zen formalki aurreikusi Britainiar Armada Espedizionarioarekin (BAE-BEF) konbinatutako operaziorik. 1911n, Marokoko bigarren krisian, Britainiarrek inbasio baten egoeran Maubeuge inguruan sei dibisio kokatzeko prest zeudela aldarrikatu zuten. Hala ere, 1914ko uztailaren azken astean ez zirudien Britainiar troparik kontinentera iritsiko zenik, aipatu bezala Alderdi Liberalak gerran parte hartu nahi ez zuelako.[2][5]

Gerra deklarazioak eta oinarrizko plangintza

Le Soir aldizkariaren titulua, 1914ko abuztuaren 4an

Uztailaren 31ko gauerdian ala jada abuztuaren 1ean Alemaniako gobernuak ultimatuma bidali zion Errusiari, eta egunez Kriegsgefahr (Gerra-mehatxua) egoera iragarri zuen; Otomandar gobernuak mobilizazioa agindu zuen, eta Londresko burtsa itxi zen. Abuztuaren 1ean, britainiar gobernuak itsas armadaren mobilizazioa agindu zuen, gobernu alemaniarrak mobilizazio orokorra agindu zuen eta jarraian gerra deklaratu zion Errusiari. Aipagarria da Errusiako tsarrarentzat Gillen II.a enperadoreak bi telegrama prestatu zituela, bata errusiarren ezezko erantzunari erantzunez, eta bigarrena baiezkoari erantzunez; bietan emaitza gerra deklarazioa zen. Edozein kasutan, biak aldi berean iritzi ziren San Petersburgora momentuko kaosaren ondorioz.[2] Liskarrak Poloniako mugan hasi ziren; Frantziako gobernuak mobilizazio orokorra agindu zuen, eta hurrengo egunean gobernu alemaniarrak ultimatuma bidali zioen Belgikari, pasabide baketsua eskatuz, tropa alemaniarrek Luxenburgoko muga zeharkatzen zuten bitartean. Operazio militarrak hasi ziren Frantziako mugan, SMS Augsburg gurutze-ontzi arinak Liepāja bonbardatu zuen eta gobernu britainiarrak itsas babesa bermatu zien Frantziako kostaldeei, agindu bezala. Abuztuaren 3an, Belgikako Gobernuak uko egin zien alemaniarren eskaerei eta Alemaniak ofizialki gerra deklaratu zion Frantziari. Britainiar gobernuak mobilizazio orokorra agindu zuten eta Italiak, Frantziar estatu-nagusiaren lasaitasunerako, neutraltasuna aldarrikatu zuen. Abuztuaren 4an, britainiar gobernuak ultimatum bat bidali zuen Alemaniara eta gerra deklaratu zuen gauerdian. Belgikak harreman diplomatikoak eten zituen Alemaniarekin, eta Alemaniak gerra deklaratu zion Belgikari. Alemaniako tropek Belgikako muga zeharkatu eta Lieja erasotu zuten.

Belgikako tropei Frantziako unitateak gehitu bazitzaizkien ere, puntu zehatzetan Belgikar muga gurutzatu zutenak, multzoa ez zegoen aginte bakar baten pean. Honek larri kaltetu zuen aliatuen koordinazioa. Charles Lanrezac-en Bosgarren Armada zehazki Maubeugeren aldetik aurreratu zen, Alemaniarrekin topo egiteko helburuarekin.[2] Britainiar Armada Espedizionarioa (John French buruzagi nagusia izanik) berandu iritsi zen. Abuztuaren 9tik 17ra bitartean infanteriako lau dibisio eta zalditeriako bat Havre, Rouen eta Boulognen lehorreratu ziren, eta azkar trenbidez garraiatu zituzten Le Cateau eta Maubeugeko hegalera, Lanrezac-en ezkerreko muturrean. Hala ere, abuztuaren 20ra arte ez ziren borrokarako prest egongo. Belgikako armadari dagokionez, bere gudu-gorputza 117.000 gizon izatera iritsi zen abuztuko lehen astetan, mobilizazio deiaren ondorioz. Funtsean sei "armada-dibisiotan" antolatu ziren; horietatik lau Lovainatik Tirlemonera bildu ziren, bosgarrena Liejako gotorlekuan eta seigarrena Namurreko gotorlekuan.[5]

Joseph Joffrek abuztuaren 14a ezarri zuen Lehen eta Bigarren armadek Lorrena inbaditu behar zuten data gisa, Toul eta Épinal artean aurreratuz, Alemaniako Metz-Thionville esparru gotortuaren hegoaldean. Lehen armadak lau armada-gorputzekin hegoalderantz jo behar zuen, Sarrebourg eta Donon hirietarantz. Vosgetan Donongo hegoaldera zihoazen pasabideak harrapatu beharko zituzten erasoa hasi baino lehen. Aldi berean, Bigarren Armadak Morhange aldera jo behar zuen, Nancytik 45 km ipar-ekialdera, Lehen Armadatik iparraldera bi talde zituela, eta hiru, hurrenez hurren, armadaren ezkerreko hegalaren atzetik hegoalderantz, Metzetik zetozkeen alemaniarren eraso bati aurre egiteko. Frantziarren erasoaldia korapilatsua izan zen bi armadentzat, aurrera zihoazela, eremu zailetan, batez ere hegoaldean, eta fronte bateratuak 150 km zabal izan ziren azkenean. Lehen eta Bigarren armaden aurrerapenek alemaniarren indarrak hegoaldera erakarri behar zituzten, eta Belgikan eta Luxenburgon, berriz, frantziar "ofentsiba garailea" hasteko alemaniarren lerroen artean puntu ahul bat zulatzeko.[6] Joseph Joffreren helburua Rhin ibaira arte alemaniar tropak bultzatzea zela argudiatu izan da, Alemania gerra defentsibo batean kokatu nahian. Honekin, gainera, gerrako suntsipena Frantziatik kanpo gertatuko zen, Rhin inguruko industria gerra-eremu bihurtuz.[2]

Alemaniarrak Mosako zubietarantz, Namur hegoaldean, aurreratzen ari zirela jakitean, Joffrek Mézièresetik Givetera, 40 km iparralderago, Frantziarren iparreko hegala inguratzen saiatuko zirela ulertu zuen, jarraian Montmédy-Sedan artean Mosa ibaia zeharkatzeko. Abuztuaren 12an, Joffrek baimena eman zion Lanrezac-i I. Armada-gorputza mendebaldera eramateko, Dinantera, eta abuztuaren 15ean Joffrek Bosgarren Armadaren gehiengoa ipar-mendebaldera mugitzeko agindu zuen, Sambre ibaiaren atzean. Ez zen espero Mosa ibaiaren iparraldera indar alemaniar handirik igaroko zenik, eta, ondorioz, Frantziako Estatu Nagusia ziur zen alemaniarren armaden zentroa hegalak baino ahulagoa zela. Abuztuaren 18an, Joffrek Hirugarren, Laugarren eta Bosgarren Armadak zuzendu zituen, belgikar eta britainiarrekin batera, Thionville eta Luxenburgo inguruko armada alemanei erasotzeko, non 13 eta 15 armada-gorputz alemaniar inguru bildu zirela uste zen. Hirugarren eta Laugarren armadek Thionville eta Bastogne artean kokatutako armada alemaniarra garaitu beharko zuten honek mendebalderantz erasotzen baitzuen; Montmédy eta Sedan aldera. Bosgarren Armadak Giveterantz zihoan germaniar armada geldiarazi behar zuen, eta gero Laugarren Armadak iparraldera egin eta germaniar armaden hegoaldeko hegalari eraso behar zion. Honetarako Laugarren armadari beste bi armada-gorputz atxiki zitzaizkion, alboko armaden hegaletatik hartutakoak.[6]

Alsaziako erasoa

Sakontzeko, irakurri: «Mulhouseko gudua» eta «Dornacheko gudua»

Frantziarren lehen erasoaldia, Mulhouseko gudua izenekoa, abuztuaren 7an hasi zen. Joffrek Lehen eta Bigarren Armadak zuzendu zituen ahalik eta dibisio aleman gehien hegoaldean lekuan mantentzeko, iparralderago zebiltzan frantziar indarrei laguntzeko. Frantziako VII. armada-gorputza (Louis Bonneauren agindupean), 14 eta 41. dibisioen laguntzarekin, Belfortetik Mulhouse eta Colmarrerantz, 35 km-ra aurreratu zen. Frantziarrek Altkirch, mugako hiria, azkar hartu zuten baioneta karga baten ondoren.[6] Mulhousetik soilik 15 km-ra zeuden. Hala ere, orokorrean haien aurrerapena motela izan zen, aurrerago Joffrek kritikatuko zuena. Abuztuaren 8an, Bonneauk aurrera jarraitu zuen kontu handiz eta Mulhouse okupatu zuen, alemanen goarnizioa hiritik irten eta gutxira. Auguste Dubail jeneralak, Lehen Armadaren agintariak, nahiago zuen lortutako lurretan posizioak egonkortzea eta mobilizazioarekin amaitzea, baino Joffrek, moteltasunagatik erasoaldian nahi zituen helburu guztiak bete ez zirelako, erasoak aurrera jarraitzea agindu zuen. Alemaniarren VII. Armadako bi armada-gorputzak Estrasburgotik heldu zirenean, hauek abuztuaren 9ko goizean kontraeraso bat egin zuten, Cernaytik gertu. Mulhouse abuztuaren 10ean birkonkistatu zuten, eta Bonneau Belfort aldera erretiratu zen, alemanen inguraketa sahiestu nahian.[5]

Abuztuaren 18ko erasoaldiaren mapa

Joffrek, porrotari ezetz eginez, Paul Pau jenerala Alsaziako armada berri baten buru jarri zuen, eta Bonneau Limogé (Limogesera bidalia - kaleratua) izan zen. Momentu honetara arte izan zen VII. armada-gorputza 44. Dibisioarekin, 55. Erreserbako Dibisioarekin, 8. Zalditeriako Dibisioarekin eta 1. Erreserbako Dibisio-Taldearekin (58., 63. eta 66. dibisioak) indartu zen, abuztuaren 14an Alsazia berriro inbaditzeko. Erasoa Lehen eta Bigarren armaden erasoa Lorrenarekin aldi berean garatu zen, eta Alemaniako VII. armadaren tropak lekuan mantentzeko egin zen. Alsaziako armadak lau landwehr-en brigaden aurka ofentsiba hasi zuen, VII. armada-gorputzak berriz ere Belfortetik aurreratuz, Ill ibaira iristeko helburuarekin. Abuztuaren 14ko arratsaldean Thann hartu zuten, eta troparik aurreratuenak abuztuaren 16an Thann, Cernay eta Dannemarie aldirietatik harago igaro ziren, mendebaldean. Abuztuaren 18an, VII.armada-gorputzak Mulhouse erasotu zuen eta hego-ekialdeko hegalean Altkirch harrapatu zuen, iparraldeko hegala Colmar eta Neuf-Breisacherantz zihoan bitartean. Hala ere, aurreko aldian ez bezala, alemaniarrek erasoa aurreikusi zuten eta hiria aurretik gotortu zuten. [2]

Alemaniarren tropek Mulhouseko mendebaldera erretiratu behar izan zuten, Doller ibaiaren bi ertzetan, eta Mulhouseko aldirietara, non borroka etxez etxe gertatu baitzen. Dornacheko kaleak eta etxeak sistematikoki atzemanak izan ziren, eta abuztuaren 19ko arratsalderako frantsesek hiria birkonkistatua zuten. Garaituak izan ondoren alemaniarrek Hardt-eko oihanean barrena mugitu ziren ziztu bizian, segadan harrapatzea saihesteko, eta frantsesek jarraituta Rhin ibaia zeharkatu zuten, Ensisheim-era itzuliz, 20 km iparralderantz. Frantsesek 24 kanoi, 3.000 preso eta material ugari harrapatu zuten. Frantsesak, harrapatutako eremuan sendotu ondoren, erasoarekin jarraitzeko prestatu ziren; hala ere, abuztuaren 23an bertan behera geratu ziren prestaketak, Lorrenako eta Belgikako porroten berri iritsi baitzen. Ondorioz, erasoarekin jarraitzeari etsi zioten eta atzera egin zuten, Belfort eskualde gotortutik harantzagoko irtenunea sendotuz. Abuztuaren 26an, frantsesak Mulhousetik erretiratu ziren, Altkirch ondoko lerro defendagarriago batean haien defentsak osotuz, Paristik hurbilen zeuden armada frantsesei errefortzuak emateko.[7] Pau jeneralak, alde egin baino lehen, hurrengoa aldarrikatu zion populazioari:

« Iparrean Frantziaren eta bai Alsaziaren patua ere erabakiko duen gudua hastera doa. [...] Guztiz minduta, denbora batez Alsaziatik alde egitera behartuta gaude, amaierako garaipena lortzeko. »

Hitz hauekin argi geratzen zen azkenean Frantziar Estatu-Nagusiak iparreko egoeraren larritasuna ulertu zuela.[2] Handik gutxira Alsaziako Armada desegin zen eta VII. armada-gorputza sommera bidali zuten. 8. Zalditeria dibisioa Lehen armadari atxikitu zioten.

Belgika

Sakontzeko, irakurri: «Belgikako Inbasioa (1914)» eta «Halengo gudua»

Haelengo gudua (holanderaz: Halen) Belgikan gertatutako zalditeria borroka nagusi bat izan zen. Halen Alemaniako armada inperialaren abangoardiaren ardatz nagusian kokatutako herria zen, eta Gete ibaia zeharkatzeko puntu on bat ematen zuen. Abuztuaren 12an gertatu zen borroka Georg von der Marwitz-ek zuzendutako alemaniar eta Léon de Witte-k zuzendutako tropa belgikarrak gidatuta. Belgiar ingeniariek Gete ibaiaren gaineko zubia lehertarazi zuten, baina egitura soilik erdizka erori zen, eta Alemaniarrek 1.000 tropa inguru gurutzatu zuten. Halengo zentrua handik gutxira hartu zuten.[8] 7. eta 3. zaldun-brigadek jäger erregimenduei lagundu zieten Halengo hegoaldean, eta horrek artilleria herriaren bazterretara eramatea ahalbidetu zuen, baina inguruan hainbat kontraeraso garatu ziren eta hildako asko izan ziren, zenbait zalditeria alanbre-hesiek harrapatuak. Jägerrak ere kanporatu zituzten, 2. Ametrailadore Destakamentuak eta zalditeriak lagundu bazien ere.[3]

Marwitzek egunaren amaieran borroka eten zuen; 2. zalditeriako dibisioa Hasselt aldera erretiratu zen, eta 4. zalditeriako dibisioa Alken aldera erretiratu zen. De Wittek germaniar zalditeriaren erasoak garaitu zituen zalditeriari agindu bat emanez, zeinak txirrindulari talde bat eta aitzindari bat barne hartzen baitzituen, zalditik jaitsi eta fusilez egindako erasoa aurre eramateko, germaniarrei heriotza nabarmenak eragin zizkiena. Alemaniar zalditeria ekialdeko hegalean gertatutako borrokan hobeto atera zen eta fronte egonkor bat ezartzea lortu zuen, Liejara iristen zena. Hala ere, Belgikar armada oraindik ere egonkorra zen, eta Alemaniako tropek Frantziarantz egin behar zuten biraketa (Schlieffen plana jarraituz) motelduko zen; aliatuek prestatzeko denbora garrantzitsua aprobetxatuko zuten, Belgikarantz tropak mugituz.[8][3] Horrela izanda ere, Alemaniarrek Namur, Lieja eta Anberes hartu zuten hilabete hartan, lau urtez okupazio bortitza inposatuz.[2]

Lorrena

Sakontzeko, irakurri: «Lorrenako gudua» eta «Mortagne ibaiko gudua»
Hasierako mugimenduak, 1914ko abuztuaren 7-20

Lorrenako gudua

Frantziar gudu garrantzitsuena mendebaldean Lorrenakoa izan zen, abuztuaren 14an hasia. Frantziarrak Mulhousen sartuta zeuden abuztuaren 8tik, geroago atzean utziko zutena. Auguste Dubailen I. armadaren helburua Saarburgerantz aurreratzea zen, bitartean, Édouard Noël de Castelnauren II. armada Morhangerantz abiatu zen eskaloi formazioan, Metzetik zetozen erasorik gaitzezteko. Lehen armadak zenbait pasabide harrapatu zituen, abuztuaren 8az geroztik, hegoaldea babesteko, armada Donon eta Sarrebourgera zihoan bitartean. Joffreren zatitzearen aurkako aholkuak gorabehera, armada behar izan zen Vosgeetako hego-ekialdeko pasabideetarantz, ekialderantz Dononerantz eta ipar-ekialderantz Sarrebourg aldera joateko. Alemaniar tropak erretiratu ziren egunean zehar, Donon harrapatu zuten eta ezkerreko hegalean 10-12 km aurreratu ziren. Abuztuaren 15ean, Bigarren armadak jakinarazi zuen Alemaniako artilleriak artilleria frantsesa eta infanteria bonbardatu ahal izan zituela, eta alemaniar infanteriak hildako asko eragin zizkiela frantsesei eraso ahala.[6] Abuztuaren 17an Foch jeneralaren XX. armada-gorputzak Château-Salins hiria hartu zuen, Morhangetik hurbil. Sarrebourg 18an okupatu zuten borrokarik gabe. Germaniarrak hiritik irten zirenean, Joffrrek iparralderantz joateko agindu zion II. Armadari, eta horrek armada frantsesen posizioen aldentzea handitu zuen. Alemaniar armadak egun hauetan lurra utzi zien Frantziarrei baina Rupprecht Bavariako printzearen VI eta VII armadek kontraeraso bat hasi zuten gutxira. Abuztuaren 20an alemaniarrek, metrailadore eta artilleriarekin hornituta Frantziar infanteria sarraskitu zuten. Hala ere, Alemaniarren jazarpena geldoa izan zen eta Castelnau Nancytik ekialdera kokatu ahal izan zen eta eskuineko hegala hegoalderantz luzatu, Lehen Armadarekin harremanak berreskuratzeko. Abuztuaren 22an, eskuineko hegalari eraso zioten eta 25 kilometro atzera egin zuten (16 mi) abuztuaren 14an erasoa hasi zen tokitik. Lehen Armada erretiratu egin zen, baina II. Armadarekin kontaktua mantentzea lortu zuen eta abuztuaren 24an, bi armadak Mortagne ibaiko guduan aurkako erasoaldia hasi zuten eta irailaren hasieran abuztuak 14an zegoen frontea berreskuratu zuten. [7][2]

Mortagne ibaiko gudua

Abuztuaren 24an, Bavariarren VI. armada Trouée de Charmes (Charmeseko zuloa) aldera erasotzen hasi zen, Castelnauren II. Armadaren zentruaren aurka, frantsesak indartsuenak ziren tokitzat jotzen zutelako. "Zuloa" hartzea estrategikoa zen Frantziarren frontea bitan apurtzeko moduko leku bakarra zelako. Inguruan kokatutako posizio gotortuek Charmesetik soilik zeharkatzea baimentzen zuten, eta lortzekotan Lorrenako frontea inguratuta geratuko zen, Pariserantzako erasoa asko erraztuz, Joffrek tropak mugitu ahal ezingo zituelako. Hasiera batean alemaniarrek arrakasta izan zuten eta hainbat herri okupatu zituzten. Hala ere, alemaniarren mugimenduak moteldu egin ziren frantziar eraso setatsuen ostean. Flainvaleko ordokian eraso bavariarrak atzeraarazi zituzten. "Zuloa" zeharkatzeko, alemaniar 6. Armadak tropak mugitu zituen hegaletatik zentrurantz, eta Castelnauk aprobetxatu zuen hegalak erasotzeko 71. dibisioaren laguntzaz. Lehenengo talka hau frantziar garaipena izan zen. Ezkerreko hegalean gainera, Bavariarren tropen aurka beste garaipen bat ere lortu zuten handik gutxira eta beste hainbat herri berreskuratu zituzten. Abuztuaren 24 eta 25eko gauean frantziarrek erasoarekin jarraitu zuten eta Castelnau II. Armada 6. armada alemaniarren erdigunearen aurka kontzentratu zuen. Castelnauk goiz-goiz eraso bat agindu zuen Rozelieures bereganatzeko; esparrurik borrokatuena. Erasoa ongi atera zen, baina alemaniarrek kontraerasoa jo zuten eta Rozelieures berreskuratu zuten gutxira. Goizeko 10:00-etan Rupprecht-en tropek, Rozelieuresetik Einvillera, 25 km-ko zabaleran kokatuta zeuden. Honekin, Castelnauk ahuldutako hegal alemanei erasotzeko abagunea ikusi zuen, eta hala agindu zuen, XV eta XVI. armada-gorputzen laguntzaz. Horrek hondamena ekarri zuen Bavariarren moralarengan, uste izan baitzuten etsai garaituaren atzetik zebiltzatela. Bavariar erdigunea frantsesek artilleriaren su etengabearen pean eduki zuten, eta, 15:00etan, Rozelieures 6. armadaren eskutik berreskuratu zuten frantsesek, Alemaniarrei 2.500 hildako eraginez. Abuztuaren 26an, Rupprechtek erretiratzeko agindua eman zuen.[6]

Mortagnen lortutako garaipena ezinbestekoa izan zen Mendebaldeko Fronte osoa erortzen ez zela ziurtatzeko, eta hurrengo asteetan alemaniarrak berriz esparruan erasotzen saiatuko baziren ere (Grand Couronné-n), Frantziar I. eta II. armadak inguratzeko mehatxua galdu zen, Joseph Joffreri Marneko guda-lekura tropak mugitzeko ahalmena eman ziona.[6]

(osatu gabeko zerrenda)

Izena Data Emaitza
Jonchereyko borroka 1914ko abuztuaren 2 Frantziar garaipena

Gerra deklaratu baino lehen gertatua

Liejako gudua 1914ko abuztuaren 5 Alemaniar garaipena

Sakontzeko: "Belgikako inbasioa"

Mulhouseko gudua 1914ko abuztuaren 7tik 26ra Alemaniar garaipena
Mangiennesko gudua 1914ko abuztuaren 10 Frantziar garaipena
Dornacheko gudua

Mulhouseko guduaren parte

1914ko abuztuaren 19 Frantziar garaipena
Halengo gudua 1914ko abuztuaren 12 Belgiar garaipena

Sakontzeko: "Belgikako inbasioa"

Lorrenako gudua 1914ko abuztuaren 14tik 25ra Alemaniar garaipena
Dinanteko gudua 1914ko abuztuaren 14tik 24ra Alemaniar garaipena

Sakontzeko: "Belgikako inbasioa"

Namurgo setioa 1914ko abuztuaren 20tik 25ra Alemaniar garaipena

Sakontzeko: "Belgikako inbasioa"

Ardenetako gudua 1914ko abuztuaren 21etik 23ra Alemaniar garaipena
Etheko gudua 1914ko abuztuaren 21 Alemaniar garaipena
Rossignolgo gudua
Ardenetako guduaren parte
1914ko abuztuaren 22 Alemaniar garaipena
Virtongo gudua
Ardenetako guduaren parte
1914ko abuztuaren 22 Garailerik gabe
Charleroiko gudua 1914ko abuztuaren 21etik 23ra Alemaniar garaipena

Sakontzeko: "Belgikako inbasioa"

Monseko gudua 1914ko abuztuaren 23 Alemaniar garaipen taktikoa

Britainiar garaipen estrategikoa

Mortagne ibaiko gudua 1914ko abuztuaren 24tik 26ra Frantziar garaipena
Grand Couronnéko gudua 1914ko irailak 4tik 13ra Frantziar garaipena

Erreferentziak

  1. (Alemanez) Kluck, A.. (1920). Der marsch auf Paris und die Marneschlacht, 1914. Berlin: Edward Arnold OCLC .2513009.
  2. a b c d e f g h i j k l m (Ingelesez) Tuchman, Barbara. (2014). The Guns of August. Random House Trade.
  3. a b c Humphries, Mark Osborne, ed. (2013). Germany's Western Front. Part 1: Vol. 1, 1914 The battle of the frontiers and pursuit to the Marne / Mark Osborne Humphries ... (ed.). Wilfrid Laurier University Press ISBN 978-1-55458-373-7. (Noiz kontsultatua: 2023-05-18).
  4. Asquith, Herbert H.; Brock, Michael G.; Brock, Eleanor. (2014). Letters to Venetia Stanley. (Reissue of the Oxford University Press 1985 paperback ed. with a new preface and additional letters. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-212200-1. (Noiz kontsultatua: 2023-05-17).
  5. a b c d e Strachan, Hew. (2003). The First World War. 1: To arms. (1. publ. in paperback. argitaraldia) Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-926191-8. (Noiz kontsultatua: 2023-05-17).
  6. a b c d e f Doughty, Robert A.. (2005-01-01). Pyrrhic Victory. Harvard University Press ISBN 978-0-674-03431-0. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
  7. a b (Ingelesez) Tyng, Sewell. (1935). The Campaign of the Marne,1914. New York: Westholme Publishing ed ISBN 978-1-59416-042-4...
  8. a b The war of 1914 Military Operations of Belgium in Defence of the Country and to Uphold Her Neutrality. W. H. & L Collingridge ISSN 8651831 OCLC 8651831..

Kanpo estekak