Sintetizadorea musika tresna elektroniko bat da, artifizialki soinua sortzeko gai dena hainbat teknikaz baliatuz, hala nola sintesi gehigarria, sintesi kengarria, maiztasun modulazioa edo fase modulazioa.

Sintetizadoreak korronte elektrikoen manipulazio zuzenaren bidez (sintesi analogikoa), FM uhin digitalen manipulazioaren bidez (sintesi digitala), ordenagailu batean balio diskretuen manipulazioaren bidez (softwarean oinarrituriko sintetizadoreak) edota teknika hauen nahasketa baten bidez sor dezake soinua.

Minimoog sintetizadorea.

Sintetizadorearen azken fasean, korronte elektrikoa bozgorailu edo aurikularren bidez bibrazioak sortzeko erabiltzen da.

Soinu sintetiko hau soinu naturalen grabazioekiko ezberdina da, bigarren kasu honetan seinale mekaniko bat hartzen baita azkenean beste seinale mekaniko bat lortzeko.

Hizkeraren sintetizadorea terminoa ahotsaren prozesamendu elektronikoaren arloan ere erabiltzen da, askotan ahots dekodifikagailuekin erlazionaturik.

Sintetizadoreen historia

60ko hamarkada

Lehen sintetizadoreak 1920ko hamarkadan sortu ziren arren, 60ko hamarkadara arte ez ziren askorik hedatu. Beraien garapena nagusiki Estatu Batuetako elektronika laborategietan eman zen. Bertan, Bob Moog bezalako aitzindari batzuek sintetizadore prototipoak sortu eta erakustaldiak egin zituzten. Hasieran, sintetizadorea instrumentu esperimental eta elitistatzat hartu zen, segur aski abangoardiako artista batzuk bakarrik ausartu zirelako instrumentu honentzat musika konposatzen. Baina, 1968. urtean, Wendy Carlos izeneko estatubatuar konposatzaile batek, Bob Moogekin batera, Johann Sebastian Bachen hainbat lan grabatu ziten Switched-On Bach izeneko lanean. Honetarako, Moog sintetizadore modular bat eta 4 pistako grabagailu bat erabili zituzten. Albumak ohiz kanpoko arreta sortu zuen, izan ere Grammy sari bat irabazten zuen lehen musika klasikoko albuma izan zen, milioi bat aletik gora saltzen zuen mota honetako lehen diskoa ere bihurtuz eta honi esker sintetizadorea ohiko musikara molda zitekeela frogatuz.

Merkatu berri honen sorrerarekin, fabrikatzaileek modelo txikiagoak sortu zituzten (adibidez, Minimoog sintetizadorea), eta gainera Yamaha edo Roland japoniar enpresak ere sintetizadoreak eraikitzen hasi ziren.

70eko hamarkada

1970eko estilo musikal berriek, hala nola rock psikodelikoak, soinu berrien beharra zuten eta instrumentu honek bete zuen funtzio hau. Garai hartako sintetizadore-jotzaile garrantzitsu batzuk Emerson, Lake & Palmer taldeko Keith Emerson eta Yes taldeko Rick Wakeman izan ziren. Momentu honetara arte, sintetizadoreak existitzen ziren instrumentuei soinu berriak gehitzeko erabiltzen ziren. Baina teknologia digitalaren etorrerarekin, instrumentu tradizionalak imitatzeko ere gai izaten hasi ziren.

Garai honetan sortu zen musika elektronikoa, Düsseldorfeko (Alemania) Kraftwerk bezalako taldeekin. Musika elektronikoa hainbat estilotan banatu zen (synthpop, tecnopop), talde ezagunenaetako batzuk Depeche Mode, Ultravox, The Human League eta Gary Numan zirelarik.

80ko hamarkada

1983. urtean berrikuntza garrantzitsu bat aurkeztu zen, MIDI protokoloa delakoa. Teknologia hau erabiltzen zuten interfazeei esker marka ezberdinetako sintetizadoreak elkarrekin komunika zitezkeen eta sekuentziagailu izeneko aparatu bati esker nota sekuentziak jo eta gorde zitezkeen, ondoren nahi bezainbeste aldiz errepikatzeko. Berrikuntza honek musika sortzeko eran iraultza bat suposatu zuen, edozeinek programa zitzakeelako nota sekuentziak nahiz eta instrumentua jotzeko trebetasunik izan ez. Garai honetako sintetizadore adierazgarrienak Yamaha DX7 (FM sintesiaren arrakastaren erantzulea) eta Roland D-50 izan ziren.

Bestalde, 80ko hamarkadaren hasieran sampler izeneko instrumentua ere garatu zen. Samplerrak soinu errealak era digitalean grabatzeko eta erreproduzitzeko ahalmena eman zien musikariei, modu honetan existitzen den ia edozein soinu sortzeko aukera emanez. Sintetizadore batzuek sampler bat ere integra dezakete.

Sintetizadoreen ezaugarriak

Eskuarki, sintetizadoreek pianoaren moduko teklatu bat izaten dute integraturik, baina kanpotik konektatutako teklatu baten bidez, sekuentziagailu baten bidez eta beste hainbat eratara era kontrola daitezke.

Sintetizadoreen osagaiak

Sintetizadore gehienek, digitalak, analogikoak edo birtualak izan, ondorengo osagai hauen bidez sortzen eta moldatzen dute soinua:

Sintesi motak

Nagusiki bi sintesi mota bereiz daitezke: analogikoa eta digitala. Gainera, uhin-sintesi teknika ezberdinak existitzen dira, bai sintetizadore analogiko eta bai digitaletan erabil daitezkeenak. Hona hemen ezagunenetako batzuk:

Sintetizadoreak fabrikatzen dituzten konpainia nagusiak

Clavia Nord Lead 2x sintetizadore bat. Nord markako sintetizadoreak ezagunak dira beraien kolore gorriarengatik

Sintetizadore klasikoak

Zerrenda honetan sintetizadore klasiko eta garrantzitsuenak agertzen dira, beraiekin harremana izan duten estilo eta musikariekin batera.

PPG Wave 2.2-aren paneleko knob batzuk

Kanpo estekak