Vanth (vanθ) mitologia etruskoaren irudi ktonikoa da, hilobi-artean usu irudikatzen zutena, hilobi eta sarkofagoen pinturetan besteak beste[1].
Vanth azpimundu etruskoaren espiritu femeninoa da, eta, normalean, haren berdinak diren beste irelu edo jainkosa batzuekin batera agertu ohi da, edo bestela, beste hileta-espiritu maskulinoa zen Charun-ekin (geroago Charu esan zitzaion). Biak, Vanth eta Charun, K.a. 400 urte inguruko ikonografian agertzen dira, arte etruskoaren aro ertain edo klasikoan, nahiz eta aurreko inskripzio batzuek dagoeneko jainkosaren izena aipatzen dituzten[2].
Vanth-ek ez du baliokide zuzenik mitologia grekoan. Gehienetan hegoekin agertzen denez, Greziako Eriniekin, konparatzen zuten adituek, Furiekin egiten den bezala, batez ere lehen argitalpenetan[3]. Baina parekotasun hori ezinezkoa da, aurkitutako ikonografian aurki ikusi baitzen Vanth gida onbera zela, ez espiritu mendekatzailea, Furiak bezala.
Bere atributu batzuek zuzia, giltza[4] edo biribilki bat dira, batzuetan, ezpata darama eskuan, eta maiz agertzen da bular biluziekin, soinean uhal gurutzatuak dituela, larruzko botekin eta belaunerainoko kitoi labur batekin, batzuetan mahukekin. Hain zuzen ere ehiztariz jantzita agertzen dela ohartarazi du C. Sheffler ikerlariak[5].
Vanth hainbat motatako eszenetan agertzen da arte etruskoan; mota arruntenek sarraski eta hilketa batzuekin lotzen dute, Troiako historia mitikoaren eszenak barne[5]. Batzuetan, Chiusin aurkitutako errauts-kutxa batean bezala, testuinguru horietatik ateratzen da. Batzuetan, hileta-kutxaren aldeak apaintzen dituen irudi bakarra da. Vanth dagoen beste eszena batzuetan, hildakoarekin elkartzen da (bere bila joaten da) bidean laguntzen du, hau da funtzio psikopompo betetzen du. Hildakoa ibiltzen, zaldi gainean, edo gurdi batena bidea egiten agertuko da.
Oro har, Vanth hildakoaren heriotzarekin eta azpimundura egin behar duen bidaiarekin lotuta dago[6], hainbat modutan: heriotzaren unean nahiz hildakoak beste aldera egiten duen bidaian. Charun jainkorekin alderatuta, Vanth irelu onbera da[5].
Eramaten dituen objektuen, atributuen, esanahia honela interpretatu da: Zuziarekin hildakoaren gidari gisa jokatzen du, bere bidea itzalean argitzen baitu eta giltzarekin Azpimunduaren atea irekitzen du[7]. Biribilkian, batzuetan bere izena idatzita duenak, vanθ[8], hildakoaren patua idatzita du, eta, horregatik, batzuetan Vanth patuaren jainkosa gisa ere interpretatzen da. Hala ere, oro har, Vanth irudi ktoniko gazte eta sutsu gisa deskribatzen da.
Batzuetan, suge bat darama eskuan[1].
Beste jainko edo irelu etrusko batzuk, azpimunduarekin zerikusia dutenak, Charun, Calu, Persipnei, Turms, Aita eta Culsu dira besteak beste.