Ahozko euskal literatura (edo, oso gutxitan erabiltzen den forma, euskarazko ahozko literatura) oroimenean oinarritzen den eta ahoz aho transmititzen den euskal literatura mota da.

Hizkuntza guztietan, funtzio poetiko guztia ahozko jardunean gauzatzen da hizkuntza idatziaren aurretiko garaietan; beraz, ahozko literatura idatzizkoa baino lehenagokoa da, eta, gizakia gizaki denetik, denbora gehien-gehienean ahozkoa izan da literatura guztia. Gainera, idatzizko literatura hasi eta gero ere, ahozko literaturak existitzen jarraitzen du hizkuntza guztietan, abestietan bereziki.

Ahozko euskal literaturako tradizionalean sortuak dira herri-kantuak, kopla zaharrak, erromantzeak (baladak), ipuinak, bertsoak... Eta gaur egun ere sortzen direnetakoak dira bertsoak eta euskal abestiak.

Baladak (erromantzeak)

Sakontzeko, irakurri: «Euskal baladak»

Gertaeren berri kontatzean oinarritzen dira, eta, literaturako generoen artean, epika deritzon sailean sartzen dira. Oroimena izan dute oinarri; horregatik, metrikaz eta errimaz kantatzen dira, memorian gordetzea errazago izan dadin. Naturako irudiak erabiltzen dira lehen bi lerroetan, normalean. Edukiari edo historiari begiratuz, honela sailka ditzakegu:

Adibideak

Eresiak

Sakontzeko, irakurri: «Eresiak»

Eresiak Erdi Aroko euskal hileta-kantak ziren. Ezagutzen diren batzuk:

Kopla zaharrak

Sakontzeko, irakurri: «Kopla zaharrak»

Usadio zaharretan oinarrituak, egiteko soziala dute, zenbait ospakizunetan abestekoak direlako; Santa Ageda, Urte zahar eta berrian, Olentzeron... Berezitasunak:

Oles egiteko kantak

Haur kantak

Haurrei zuzendutako kantak dira. Batzuetan haurrek beren jolasetan abesten dituzte, baina beste askotan helduek kantatzen dizkiete haurrei. Sarritan kantu hauen hitzak errazak eta errepikakorrak izaten dira, haurrek errazago ulertu eta ikas ditzaten.

Ahozko literaturaren funtzioetako bat komunitatearen jakintzaren transmisioa da eta haur kantetan helburu hori are eta nabarmenagoa da: haurrei tokiko kultura eta ohiturak helarazi eta gizarteratzeko erabili izan dira haur kantak.[8] Adibidez, Azkoitian jasotako kanta hau:

Azkoitiko 60 urteko emakume bati 2010ean egindako grabaketa.

Ez da gauza erreza
kirikiriken, kirikiriken
ez da gauza erreza
ama gezurtatzen

Kirikirikendu dana jakiten du
Kirikiriko zer dan badaki
kirikiriko kokoko dan-dana esaten (d)io (bis)

Mutilak burrukan
kirikiriken, kirikiriken
mutilak burrukan
egiten badute

Azkoitiko herrian bertan beste aldaera bat ere jaso da 80 urte inguruko gizonezko baten ahotan, non leloak honela dioen:

Kirikirikendu dana jakiten du
Kirikiriki zer dan badaki
kirikiriko kokoko txiki(e)nak esaten (d)io (bis)

Haur kantetan (eta hau, orokorrean, ahozkotasunaren ezaugarrietako bat da) abesti berberaren aldaera ezberdinak aurkitzea oso ohikoa da. Askotan, herri batetik bestera, edo baita herrian bertan ere, abestiaren hitzak edo doinua aldatu egin daitezke.

Euskal haur kanta asko tradiziotik jasoak dira; belaunaldiz belaunaldi, ahozko transmisioa dela medio, gaurdaino iritsi dira. Kantu hauetako asko gordeta gelditu dira Resurreccion Maria Azkueren Cancionero Popular Vasco (1918), Aita Donostiaren Euskal Eres-Sorta. Cancionero Popular Vasco (1922) edo Ahotsak proiektua[9] bezalako lanei esker. Gainera hainbat musikarik eta taldek argitaratu dituzte kantu hauen bertsioak.

Azken hamarkadetan kanta berri ugari sortu dira euskaraz haurrentzat. Sortzaile hauetan esanguratsuenetarikoa Imanol Urbieta izan da.

Jolas egiteko kantak

Haurrek beren artean edo helduek haurrekin jolas egiteko erabiltzen dituzten abestiak dira. Ahozko literaturan, kantagintza eta jolasa eskutik helduta doaz sarritan. Joko musikatuetan abesti errimadunek, musikak eta mugimendu erritmikoek bat egiten dute, eta ahoz aho hedatutako melodia malgu aldakorrak buruz ikasteko aukera ematen diote haurrari. Zenbait haur-abesti izaera sinpleko joko erritmikoei (korroak, sokasaltoa, pilota, etab.) lotuta daude. Erritmoa duen edozer oso motibatzailea eta erakargarria egiten zaio haurrari eta psikomotrizitatea, sormena, irudimena etab. lantzeko oso aproposak dira.

Euskal musika garaikidean oso ezagunak dira adibidez Imanol Urbieta eta Takolo, Pirritx eta Porrotxen abestiak. Adibide modura, Euskal Herrian, honako abesti hauek oso ezagunak dira jolas egiterako garaian:

Soka saltoan jolasten
"Zubiri zubiri" abestia.

SOKA SALTON
"Saltoka, saltoka
nabil ni gustora,
salto eta salto
bat sartu arte.
Sartu dadila .........
ta biok elkarrekin
salto eta salto
bat irten arte.
Eman ezazu buelta,
ta irten zaitez."

[10]

ZUBIRI ZUBIRI
"Zubiri-zubiri
nunguari-nunguari,
nungo alkate zerade?
Prantzia'ko erregearen
seme-alabak gerade.
Onen urrena zubi ontatik
pasatzen dana
emen geldituko dala
emen geldituko dala."

[11]

Sehaska-kantak

Sehaska-kantak edo lo-kantak haurrei lo harrarazteko abesten zaizkien erritmo geldoko kantak dira. Munduko kultura guztiek dituzte lo kanta propioak, tokiko egitura erritmikoetara eta beren folkloreko melodietara egokituak. Musika bilduma askotan, lo-kantak haurrentzako kanten atalean agertzen dira, nahiz eta badituzten berezitasun batzuk eta konpositoreek sehaska-kantetan beti arreta berezia jarri izan duten. Konpositore klasikoek ere sortu izan dituzte sehaska-kantak, besteak beste, Frédéric Chopin, Franz Liszt edo Maurice Ravel-ek. Euskal musikari garaikideen artean, adibidez, Xabier Leteren Sehaska kanta edo Imanol Larzabalek Mikel Arregiren hitzekin egindako Haur Kanta II-III oso ezagunak dira.

Zenbait lekutan sehaska-kantak esan beharrean bestelako izandapenak ere erabiltzen dituzte: dringili-dranguak (sehaskaren mugimenduak sortzen duen soinuaren onomatopeiatik datorren hitza), uauatxuak (uaua, haur hizkeran haurra), obaobatxuak (oba oba, sehaska-kantetan loa edo haurra esan nahi duen hitza) edo maroak (goxoa), adibidez.[12][13]

Ezaugarriak

Sehaska-kanten xede nagusia haurrari maitasuna eta segurtasuna helaraztea da. Kantu hauek musikalitate berezia dute, melodiak errepikakorrak, erritmo motelekoak, monotonoak... izan ohi dira. Hitzetan ere onomatopeiak, hiztegi bereziak eta abar erabiltzen dira sarritan (aurretik aipatutako Oba oba edo Uaua adibidez). Lo hitzak berak ere, errepikatuz, soinu lasaigarria du. Kantu hauek abestuz, eta sehaska edo besoen kulunka mugimenduaren laguntzarekin, haurrari loak hartzen lagunduko dion efektu hipnotikoa, lasaigarria lortzea da helburua.[14][15] Honako adibide hauetan aipatutako berezitasunak ikus daitezke:

"Ttunkurrunku, ttunkurrunku, ttunkurrunkuttuna;

ttunkurrunkuttun, kuttun, kuttun, kurrun, kuttuna.

Lo, lo, ttun, kurrun, kuttuna."


"Buba buba ñiñaño

Haurra duxu mimiño..."


Sehaska-kantetan agertzen diren gaiak ezberdinak izan daitezke. Ahozko tradiziotik datozenez, sarritan, abesti batek aldaera ugari izan ditzake, bai hitzei bai doinuari dagokionez. Batzuetan, ia erabat onomatopeiaz osaturiko kantak, zentzu argirik gabeko esaldiak, loturarik ez duten estrofak agertzen dira. Dena den, badaude abesti ezberdinetan sarri errepikatzen diren gaiak. Hauek dira garrantzitsuenetariko batzuk:[16]

"Aurra, egizu lo ta lo,

Nik emanengo bi koko,

Bat orain eta bestia gero,

Arratsaldian txokolatia."


"Santa Loa Santa Loa,

gure aurrari emazu loa:

gaubean gau guzikoa,

egunez ordubikoa."

"Itsasoa laino dago

Baionako Barraraino:

Nik zu zaitut maiteago

Txoriak bere umeak baino!"

"Haurtxo txikia negarrez dago,

ama emaiozu titia;

aita gaixtua tabernan dago

pikaro jokalaria."


Bertsolaritza

Sakontzeko, irakurri: «Bertsolaritza»
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Zer da bertsolaritza?
Dargaitz, Harriet, Iriarte, Txirrita, Saiburu, Etxeberria, Zepai, Txapel eta Uztapide (1936)

Bat-bateko bertsolaritza

Bertsolaritzaren historia

  1. Entzuleria homogeneoko eta oihartzun sozial apaleko bertsolaritza (1960-1979): Azpillaga, Jon Lopategi, Xalbador...
  2. Entzuleria anizkuneko bertsogintza (1980- ??)

Bertsopaperak

Sakontzeko, irakurri: «Bertso jarri»

Paperean idatziriko bertsoak dira, honela, iraupenerako bermea eskaintzen zaio eta. Bat-bateko bertsolari ospetsuei egindako enkargu gaiztoak dira gehienak, gertaera bitxi baten berri emateko, norbait iraintzeko eta ondoren, ferietan saltzeko. Jakingarriak.

Tradiziozko ipuinak

Sakontzeko, irakurri: «Tradiziozko kontaketak»

Adibideak

Alegiak

Alegiak, ikasketa morla bat duten kontakizun laburrak dira. Ikaskizun hau bertsotan egon ohi da errepikatua izan dadin. Orokorrean, protagonistak hitz egiten duten animaliak izaten dira. Gaur egun, Sarasolak honela ematen du alegiaren definizioa: “Ipuina edo elezaharra, gehienean hitz neurtuetan moldatua, pertsona gisa jokatzen diren animaliak edo gauzak agertzen direna eta ondoriotzat ikasbide edo irakaspen morala ematen duena” (Euskal hiztegia, 2007). Eta Xabier Altzibarrek berriz, Euskaltzaindiak argitaraturiko Literatura terminoen hiztegian (2008: 30), honela: “Alegiak kontakizunak dira, maizenik abereak dira protagonistak, eta irakastea dute helburu (bizitzako gauzak, ohitura onak eta abar). Kontakizunari aterabide morala darraio, bukaeran formulatua batzuetan (gazt. moraleja, fr. moralité)”.

Alegiek, zenbati jokabide etiko salatzen eta sustatzen dituzte. Pertsonaiei dagokionez, gutxi izaten dira eta normalean kontrako joera duten bi pertsonaia nabarmentzen dira Normalean ikaskizuna kontakizunaren amaieran agertu ohi da. Sustraiak ahozko literaturan dituzte eta askotan liburuetatik ahozko kulturarako saltoa eman dute. Gaur egun, alegiak liburuetan argitaratzen direnean, irudi erakargarriekin egiten ohi dira.

Honako hauek dira alegiak idatzi dituzten pertsonai ospetsuetako batzuk: Jean de La Fontaine (1621-1695), Tomás de Iriarte (1750-1791) eta Felix Maria Samaniego (1745-1801).

Adibideak

Kondairak

Adibideak

Mari, euskal jainkosa.

Atsotitzak (emakume zaharren hitzak)

Sakontzeko, irakurri: «Atsotitz»

Atsotitzak edo Esaera zaharrak herri-filosofiaren bilduma direla esan izan da. Ez dira atzo goizeko kontuak, Aristoteles Greziako filosofoak esana da "esaera zaharrak laburrak eta atseginak direlako gorde direla eta gordetzeko eran asmatu eta antolatuak izan direla".

Edukian, trinko eta aberatsak izaten dira: bizitzak, heriotzak, lanak, eguraldiak, izaerak eta abarrek dute isla atsotiz edo errefrauetan. Urte eta gizaldi askotako bizieraren eta pentsakeraren berria jasotzen dute, laburbildurik.

Formari dagokionez, bi ezaugarri nabarmen behintzat badira:

Laburrak izaten dira. Ideiak nabarmenago geratzen dira era labur eta trinkoan emanda. Gainera, gogoratzeko, memorian gordetzeko aproposak dira esaldi laburrak.

Hoskidetasuna: Bukaera berdinak lotura logiko baten ildoan jartzen gaitu.
"Abenduko eguna, argitu orduko iluna da"
"Egik on, eztakiala non"
"Kalean uso, etxean otso"
"Balego eta balitz, elkarren atzetik dabiltz"
Korrelazioa: Nola (ko)... hala (ko) horiek kausalitatearen aitorpen dira:
"Nolako bizitza, halako heriotza"
"Nola soinu, hala dantza"
"Nolako zura, halako ezpala"
"Zenbat buru, hainbat aburu"
Kontrastea: Ideak nabarmenago ageri zaizkigu kontrastean:
"Erraz irabazia, erraz xahutu"
"Errementariaren etxean, zotza burduntzi"
"Ardo gozoak lau begi eta oinik ez"
"Beleak zozoari ipurbeltz"
"Batek mila eta milak batere ez"


Igarkizunak

Igarkizunak esanahia ezkutuan duten esaldiak dira. Euskaraz, beste hainbat izen ere ematen zaie: asmakari, asmaketa, asmakizun, papaita, pipitaki-papataki...

Igarkizunak enigmatikoak izan behar dira, hau da, mintzatzaileak besteari joko edo erronka gisa ipiniak. Igarkizunen ezaugarri nagusia zehaztugabetasuna da, eta, horregatik, pragmatikarentzat bereziki interesgarriak dira. Igarkizunen funtsezko bi baliabideak aldez aurreko ustea eta inplikazioa dira.

Igarkizunek, hasiera edo sarbidea emateko edo formulatzeko modu jakin batzuk dituzte. Hona hemen batzuk, Azkueren bildumatik aterata: "Zer dala eta zer dala, beti handitzen joan eta halata ere lekutik higitzen ez dana?", "Pipitaki papataki, nik baitakit gauza bat, kenduaz hazi eta gehituten dena" (zuloa), "Ezetz igarri ...", "Ez duzula igartzen, urtearen hasieran gizen-gizen jaio eta guenean argal-argal hilten dana" (egutegia), "Puntan punta bi, atzean zulo bi, artaziak dira ta ezetz igarri". "Gelatxu ta gelatxu, gelarik adina damatxu" (lainoa); "Iturriratekoan etxera so eta etxeratekoan iturrira" (ipurdia); "Beti lehorretan eta beti bustirik" (mihia). Igarkizun batzuek erantzuna barruan ematen dute, baina beste itxura batekin. Beste batzuek ingurumariak azaltzen dituzte, hortik abiatuta asmatzeko zer den.

Xabier Etxanizen Igarkizunak obra da eremu honetan ezagunena.

Igarkizun motak

Hiru igarkizun mota desberdin daude:

Helburu pedagogikoa

Igarkizunak haur literaturak bereganatu dituen elementuetako bat dira. Batzuk, gainera, badirudi ez zeudela haurrei zuzenduta, baina haurrek bereganatu egin dituzte eta gaur egun haur literaturaren osagai garrantzitsuak bihurtu dira.

Herri bakoitzak bere folklorea du, eta elementu hauen bidez, bere jatorria, munduarekiko ikuspegia eta ohiturak azaldu daitezke.

Bestalde, hauek hizkuntza ezagutzen lagundu dezakete. Izan ere, literatura testu soil-soilak buruz ikastea, dramatizatzea eta errezitatzea, eta horretan, proposatutako ereduaren erritmoa, intonazioa eta ahoskera lantzeko baliagarri izan daitezke. Horregatik, esan daiteke, hizkuntzaren erabilpena dela garrantzitsuena literatura mota honetan: hitzak indarra hartzen du eta jostagai bilakatzen da. Honen ondorioz, adimen linguistikoa lantzeko baliagarria dela esan daiteke.

Hargatik, hezkuntzan igarkizunak entzutea eta ulertzea gomendagarria da, gozatzeko eta ikasteko iturri diren aldetik.

Bildumak

Euskal alorrean ez ditugu nahi adina igarkizun-zerrenda zein ikerketa. Lehenengo bildutako igarkizunak XIX. mendekoak dira. Hala ere, XX. mendean egon zen ekarpenik handiena.

Inauterietako antzerkia

Maskaradak

Sakontzeko, irakurri: «Zuberoako maskaradak»
2009ko Maskaradak Barkoxen.

Kristautasunari loturiko jatorria duen antzerki herrikoia

Marijesiak

Artikulu nagusia: «Marijesiak»
Marijesiei buruzko ilustrazioa.

Marijesiak Gernika eta inguruko herrietako tradizio bat da, non gizon eta emakume talde batek Jesusen jaiotzari buruzko bertsoak kantatzen dituzten gabon aurreko bederatzi egunetan. Erronda-kanta izeneko neguko tradizioen multzoan kokatzen da, Santa Ageda tradizioa bezala. Antzerki generoko ezaugarriak ere baditu. Marijesiak aztertu dituztenen artean, Resurreccion Maria Azkue dago tradizio honetako 90 kanta bilduz.

Pastoralak

Sakontzeko, irakurri: «Pastoral»
Eñaut d'Elizagarai pastorala, Gamere-Zihigan (2007)

Pastorala Zuberoan ospatzen den herri-antzerkia da, kanpoan, herriko plazan, hartarako nahita jarrita dagoen antzeztoki edo triate baten gainean ematen dena. Antzezpena, hasieratik amaiera arte bertsoz kantatzen da, Zuberoako euskaran.

Duela gutxi arte, edo herriko gizonezkoek bakarrik, edo, gutxiagotan, herriko emakumezkoek bakarrik antzezten zuten, baina azken urte hauetan gizon-emakumeek parte hartzen dute haietan. Antzerki emanaldia, berez, süjet edo pertsonaia nagusi baten bizitzan oinarritzen da eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratua da.

Seguru aski Erdi Aroko antzerkian du jatorria, nahiz eta lehen idazkiak XVII. mendekoak izan. Horrek adierazten du ahozko literaturan garrantzi handiko adierazpidea zela. Lehenagoko aipamenak dauden arren, zalantzarik gabe datatutako pastoralik zaharrena "Sainte Elisabeth de Portugal" da, 1750ean Eskiulan antzeztu zena.[17]

Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio udan pastorala bi alditan antzeztea.

Ahozko literaturak idatzizko literatura garaikidean izan duen oihartzuna

Badago Euskal literatura garaikidearen musikalari eta idazleak erabiltzen dituztela antzinako baladak. Hurrengoak dira batzuk

Ahozko literaturak musika garaikidean izan duen oihartzuna

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Jon Juaristi. "La balada vasca de la muchacha ciervo", ASJU, 1987
  2. Ahetzeko anderea
  3. Aldaztorrea. R.M. Azkuek jasoa
  4. Alostorrea
  5. Bereterretxen khantoria
  6. Jon Kortazar. "Neska ontziratua baladaren inguruan"
  7. (Gaztelaniaz) Koldo Biguri, «El tema del cambio de sexo en la literatura vasca de tradición oral», Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum, (I) ASJU 14 (1991).
  8. Paya, Xabier. (PDF) Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. , 131-135 or..
  9. Ahotsak. .
  10. Saltoka, saltoka. (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  11. (Gaztelaniaz) «Cancionero vasco - Eusko Ikaskuntza» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  12. Azkue, Resurrección Mª. (1968). Cancionero Popular Vasco. La Gran Enciclopedia Vasca, 213-255 or..
  13. Kantutik jolasera. Udako Euskal Unibertsitatea, 15 or. ISBN 84-86967-86-4..
  14. Iguerabide Sarasola, Juan Cruz. (2003). «Haur poesia eta ahozko tradizioa» Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca (18): 39-50..
  15. Borda, Itxaro. (2016-01-31). «Baionako Barraraino» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-11-02).
  16. Arcocha Mendinueta, Elorri. (2017). «Lo kantak: nanas, entre pervivencia y olvido» Ankulegi (21): 93-101..
  17. Jean-Louis DAVANT: Pastoralaren historiaz (I/II) Euskonews.com

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak