Olentzero | |
---|---|
Euskal Herriko mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Formak | gizonezkoa eta enborra |
Ogibidea | ikazkintza |
Familia | |
Bikotekidea(k) | Mari Domingi |
Tradizio historikoan, Olentzero Euskal Herrian Eguberria eta Jesus Nazaretekoaren jaiotza iragartzen dituen euskal mitologiako eta folkloreko pertsonaia da. Toki batzuetako kondairen arabera, azken jentila ere bada, Kixmi edo Jesusen jaiotzaren ondoren beste guztiak desagertu eta gero. Olentzeroren antzinako jatorria paganoa da, ordea, neguko solstizioko ospakizunetako pertsonaia, urte zaharraren amaiera eta urte edo eguzki berriaren etorrera ospatzekoak, alegia. Euskal Herriko Eguberrietako pertsonaia nagusia da, euskal identitatearen ikur garrantzitsu.
Tradiziozko ospakizunean, urte zaharra irudikatzeko,[Sat 1] Olentzero itxurako panpinak ikazkin zikin, arlote, edale eta jatun bat irudikatzen du eta kalez kale eta etxez etxe eramaten dute andetan haur eta gazteek, eskea eginez. Beste batzuetan, aldiz, Olentzero moduan mozorrotutako gazte bat da lagun-taldearekin batera doa, eskea eginez betiere. Toki batzuetan, kondaira eta abestietan bakarrik aipaturiko pertsonaia izan da. Gehienetan Gabon egunean, abenduaren 24an, ospatzen da. Hala ere, egun mundu zabaleko Bizarzuriren antzeko ordezko pertsonaia bilakatu eta, hark bezala, haurren gutunak jaso eta opariak banatzen ditu, askotan pertsonaia bizitzat. Kristautzearekin erlijio kutsua hartu ondoren, XX. mendearen erdialdeaz geroztiko sekularizazioaren ondorioz, kristau izaera berriz ere galdu du. Gainera, XX. mendearen bukaeraz geroztik, Mari Domingi pertsonaia emakumezkoa ere izaten du lagun, sarritan.
Nagusitu den pertsonaiaren izena Olentzero den arren, hainbat aldaera daude herri eta eskualde batetik bestera: Olentzaro, Onentzaro, Onontzaro, Orentzaro, Onentzero, Onantzaro, Onontzaro, Onontzoro, Orantzaro, Aranzaro eta Gomentzago.[ohar 1][1][2] Izen horien jatorriari buruz zenbait proposamen dago.
Gaur egungo hipotesi nagusiak dio onen-(tz)aro, onen aroa edo garaia esan nahi duela. Hala adierazi zuen Lope Martinez de Isastik, XVII. mendeko aipu batean adierazi; eta XX. mendean Azkuek ere uste bera izan zuen. Etimologia horrek Olentzeroren jatorri paganoa nabarmentzen du, finean aro berria dakarren neguko solstizioarekin lotuz.[Ar 1] Hori bat dator olentzero hitzaren esanahi zaharrarekin (Isastik berak aipatu zuena): gabon gaua.[Ar 2]
Julio Caro Baroja etnologoaren iritziz, berriz, Olentzero hitzaren hasierako O hotsa, lotua dago Erdi Arotik datorren kristau tradizioan Gabonetan kantatu ohi diren eta letra horrekin hasten diren O antifona izeneko eliza kantuekin (O Sapientia, O Adonai eta O Emmanuel esaterako). Frantzian, berriz, les O de Noël edo les oleries deitzen diote O letrarekin hasten diren antifonen aldiari.[3] Ildo horretatik, Seber Altuberen eta Manuel Lekuonaren iritziz, Olentzero izenaren olen hasiera frantsesezko noël hitzaren metatesi edo letren ordenaren aldaketa batetik dator.
Jose Maria Satrustegi etnologoak planteatutako beste hipotesi baten arabera, Olentzero izena oles hitzetik dator, jaietan egiten den eskea adierazten duena. Oles hitza Gabonetako eta Santa Ageda bezperako kopla zaharretan maiz agertzen da: «Zorion etxe honetako denoi / oles egitera gatoz / aterik ate ohitura zaharra / aurten berritzeko asmoz». Hortik dator oles-aroa, hau da, etxez etxe kantuan janari eta diru eskean ibiltzeko garaia, gero lagunarteko otordu bat egitea dakarrena.[Sat 2]
Orantzaroa < Orantza + aroa ere proposatu izan da.[4]
Olentzero eguzki berriaren edo Eguberriaren garaiaren ospakizun gisa kristautasunaren aurreko jai paganoa den arren, pertsonaiatzat Olentzero kristautasunaren berri emaile edo mezulari agertzen da kondairetan. Beraz, ohitura sinkretikoa da, euskal mitologiaren paganismoa eta kristautasunaren elementuak bateratzen dituena. Ildo horretatik, Bizarzuri eta Europako hainbat kulturetako pertsonaien parekoa da.[Ar 3]
Euskal Herriko kondairen arabera, Olentzero euskal mendietan bizi zen jentil bat zen. Behin, jentilek zeruan izar handi bat ikusi zuten, eta zer ote zen galdetu zioten beraien arteko zaharrenari. Agureak izarrak Kixmiren jaiotza, Jesukristo jaiotza alegia, iragartzen zuela adierazi zien. Hala, jentil guztiek ihesari eman zioten, kondairan jentilarri deitzen diren trikuharrien azpitik edo amildegitik behera jausiz. Guztiek bete zuten esana, Olentzerok izan ezik. Olentzerok menditik jeitsi eta Jesukristoren berri eman zuen. Horrela, Olentzero denbora mitologiko batetik kristautasunak ekarri zuen arorako trantsizio-pertsonaia da.
Askotarikoak dira Olentzeroren inguruko ohiturak. Askotan, lagun-taldeak kalez kale eta etxez etxe Olentzero panpinarekin edo Olentzero irudikatzen duen pertsonaia lagun eginiko ibilbideak egiten dira, ibilbide horietan egiten diren eskeak (batzuetan Olentzerorik gabe baina haren abestiak kantatuz), antzina arrautzak, txerrikiak, gaztainak, intxaurrak eta sagarrak eta gaur egun bereziki dirua biltzeko. Olentzero panpina tximinian, leihoan eta balkoian zintzilikatzea ere ohikoa da.[2] Olentzero izeneko enborra edo mokorra erretzeko ohitura ere badago pertsonaiaren zuzeneko erreferentziarik gabe, gabon-zuzi gisa; ohitura horri subilaro (Aezkoan), porrondoko (Agurainen) eta sukubela (Liginagan) ere deitzen zaio.[5][6] Batzuetan, ospakizunen ondoren, Olentzero erre izan da, baina ohitura hori ez da oso zabaldua.[Sat 3] Gehienetan, Gabon egunean ospatzen dira tradizio hauek, baina beste egun batzuetan ere ospatzen da; esaterako, abenduaren 27an Otsagabian [erreferentzia behar] eta abenduaren 31an Ermuan.[7]
Olentzeroren inguruan hainbat gabon abesti kantatzen dira, baina Olentzero joan zaigu ... bertsoarekin hasten dena da ezagunena. Kantako azken bertsoa La Farandole Joyeuse melodiaz jotzen da eta XVII. mendean txistulariek bereganatu zuten Olentzeroren kantari eransteko. Melodia bera erabiltzen da Uno de enero Sanferminetako koplarako eta Gasteizko Zeledonen kalejirarako ere.[8]
|
|
|
Kantaren bertsio batzuetan «entendimentuz jantzia» esaldiaren ordez, «entendimentu gabia» abesten da. Beste aldaketa bat, XX. mende bukaerako Olentzeroren berradierazpen paganoan, kristautasunaren erreferentzia ezabatzeko, «Jesus jaio dala» bertsoaren ordez, «negua heldu dala» abestea da.[9]
Lesakan, Olentzaro jatuna nabarmentzen da bertso hauekin:[Ar 4]
|
Aldaera zenbait dituen kanta honetan edaletzat nabarmentzen da, arrain hitzaren polisemiarekin jolastuz:[Ar 5]
|
Olentzeroren mezulari rola nabarmentzen duen kanta zaharra honako hau:[10]
|
|
|
Ikonografia askotarikoa du, herri kantetan jasotzen denez: nekazari, artzain eta arrantzale agertu izan da, baina bereziki ikazkin («intentzioarekin ikatz egitera»),[Ar 6][ohar 2] eta hortik datorkio aurpegia belztua. Jantzi ilunak eta zarpailtsuak ditu («Olentzero guria, / fortuna tristia, arropak saldu dizka / bere emaztiak»),[Ar 7] abarkak eta azpantarrak. Pipa du ahoan («pipa hortzetan duela»). Irudikapen ugariren ezaugarri komuna, bereziki kantetan jasoa, irrigarri izatea ere bada: tripahandi da, jatun («Kapoiak ere baditu, arraultzatxuekin» eta «Olentzero guria / ezin degu ase, bakarrik jan dizkigu / hamar zerri gazte») eta edale porrokatua («begi gorri» eta «botila ardoakin»). Toki batzuetan azkarra da («entendimenduz jantzia») edo motza («entendimenduz gabia»). Larraungo herrietako tradizioan pertsonaia ikaragarria da, igitaia eskuan, tximiniatik jaisten dena igitaiaz etxekoei izugarrikeriak egiteko prest Gabon eguneko baraua hausten badute («horrek lepua kendu guri»)...[Sat 4] Inguruko herri batzuetan, beldurgarria da, igitaia eskuan betiere, gezurretan ibili, ohera garaiz ez joan eta ez obeditzeagatik. Agian, igitaiak neguko solstizioak dakarren ziklo berria edo ebaketa irudikatzen du.[Sat 5] Itxura izugarri horri egiten dio erreferentzia kantetan maiz agertzen den begi gorri kalifikatzaileak: horditurik dagoela, baina orobat beldurgarria dela adierazten du.[Ar 8]
XX. mendearen bukaeratik, opari emailearen rola hartzearekin batera, haren irudikapena aldatuz joan da. Egun, bizarrarekin irudikatzen da, tradizioan horrelakorik agertzen ez bada ere, eta dotoreago janzten da, betiere jantzi tradizionalez, Olentzero ikazkinaren jantzi zarpailak baztertuta. XV-XVI. mendeko jantzi dotorez daramatzan Mari Domingiren laguna izatea ere ekarri du Olentzeroren itxura aldatzeak. Hala, Bizarzuriren antzeko pertsonaia bilakatu da.[12]
Egun Euskal Herri osora zabaldu den pertsonaia eta ospakizuna izan arren, Lesaka da antzinatik Olentzeroren ohitura errotuena atxiki duen herria.[13] Olentzeroren inguruko antzinako ohiturak inguruko herri eta eskualdeetan ere ziren zabalduak, hain zuzen Bidasoaldeak, Beterriak, Bortziriek, Larraunek eta Araxes bailarak mugatzen duten eskualdean. 1931n Olentzero jaia Donostian berrezarri zela jasoa da.[14] Frankismo garaiko hainbat urtetan debekatua izan zen, agintariek euskal abertzaletasunaren ikur kontsideratzen zutelako. Beste batzuetan, Olentzero ospa zitekeen, baina data aldatuz: Ermuan, esaterako, Espainiako Gerra Zibilean abenduaren 31n ospatu behar izan zen eta eragozpen hori tradiziotzat hartu eta egun horretan ospatzen da egun ere.[15] 1950eko hamarkadatik aurrera, ordea, debekuak ahulduz joan ziren eta Olentzeroak antolatzeko baimena eskuratu zen, erregimenaren onespenik gabe betiere.[16] Garai hartan, 1957an kaleratu zen lehen aldiz Iruñean,[17] 1972an Tuteran eta 1973an Baztanen.[18][19] Bizkaian, Deustun ospatu zen lehen aldiz 1968an.[20] Ipar Euskal Herrian, 1972an ospatu zen lehen aldiz, Arrangoitzen hain zuzen.[21] 1970eko hamarkadan zehar zabalduz joan zen tradizioa, ikastolen gizarte mugimenduari esker neurri handi batean. Egun, Euskal Herriko eguberrietako pertsonaia nagusia da eta ikastetxe, auzo eta herri gehienetan ospatzen dira horren inguruko ekitaldiak, Olentzero eguna ere deitzen den Gabon egunean gehienetan.
1970eko hamarkadatik Olentzeroren inguruko ohiturek berrinterpretazio sakona izan dute. Jesusen jaiotzaren mezulari gisa kristautasunarekin zuen lotura ezabatu (batzuen ustez, Olentzero kristautasunak usurpatutako pertsonaia izan da), neguko solstizioa eta eguzkiaren itzulera iragartzen dituen pertsonaia berreskuratu[21] eta euskal identitatearen pertsonaia moduan berreraiki da. 1980ko hamarkadatik, ordea, Bizarzuri eta Errege Magoen ezaugarriak eta zereginak hartu ditu bere gain, bereziki haurrei opariak ematearena. Hori dela eta, maiz zaku bat bizkarrean irudikatzen da, haurrentzako opariez beteta, Bizarzuri bezala.[12][22] Aldi berean, Olentzero zikin, pipa erretzaile eta jale eta edale porrokatua askoren moralarekin bat ez datorrela eta, Olentzero piparik gabe, abstemio eta dotore irudikatzen da hainbatetan,[23][9] instituzio ofizialetatik antolatutako ekitaldietan gehienetan. Toki askotan, ordea, antzinako tradizioarekin segituz lastoz eta jantzi zaharrekin egindako Olentzero zarpailtsu eta zikina etxez etxe eramaten jarraitzen dute.
Olentzeroren ekitaldietan gizonezko pertsonaia horrek duen protagonismoa emakumezko batekin orekatzeko asmoz, Mari Domingi haren emaztearen edo neska-lagunaren rolean sartu da Olentzeroren ekitaldietan XX. mendearen bukaeratik.[24] Adituen iritziz, ordea, Olentzeroren pertsonaia lagun berriak ez du tradizioan inongo zerikusirik Olentzerorekin eta antzinako eguberrietako kanta batean agertzen den pertsonaia femeninoa besterik ez da.[25][12]
XX. mendeko azken urteetatik Olentzeroren ibilbideak errebindikazio eta protestak burutzeko erabili izan dira, maiz euskal preso politikoen alde.[26][27][28][29] Protesta antimilitaristetan,[30] AHTren aurkako ekintzetan[31] eta M-15 mugimenduan,[32] besteak beste, izan da protagonista Olentzero pertsonaia.
Olentzeroren tradizioaren zabalkuntzak kritika gogorrak izan ditu espainiar nazionalismoaren aldetik, euskal abertzaletasunak haren figura modu artifizialean zabalduta ideologia abertzalea hedatzeko erabilia izan dela argudiatuz.[33][34][35][36] Iruñean, esaterako, isunak eta bestelako trabak jarri zaizkie Olentzeroren ibilbideen antolatzaileei, bereziki haietan errebindikazioak plazaratzen zirenean.[37][38][39] Hala ere, herritarrek oztopo horiei aurre egin eta Olentzero ospatzen segitu dute.[40] Giro horretan, Olentzero erasotua ere izan da: Areson, esaterako, guardia zibil zenbait Olentzero panpina ohosten harrapatu zituzten herritarrek 2005ean eta aurreko urteetan ere Olentzero birrinduta azaldu zen.[41]
Beste alde batetik, Bizarzuriren antzeko pertsonaia izatea eta haurren kontsumismorako erakargarri izatea ere gaitzetsi da.[12]
Genero-parekotasun kontuari begiratuz ere, kritikak egon dira Olentzero/Mari Domingi bikote ustez eredugarri hori auzitan jartzen[42]. Gizona protagonista dela eta emakumea bigarren planoan geratzen dela salatu dute zenbait ekintzailek[43][44].
Egunak | |
---|---|
Pertsonaiak | Bizarzuri - Errege Magoak - Euskal Herria: Olentzero - Mari Domingi - Galizia: Apalpador - Kantabria: Esteru - Katalunia: Caganer - Tió de Nadal - Errusia: Ded Moroz - Sneguroxka |
Ohiturak eta tradizioak | Gabon kanta (Euskal gabon kantak) - Errege magoen desfilea - Zuhaitzak eta landareak: Eguberrietako zuhaitza, mihura, gorostia - Gabon-zuzia - Jaiotza - Eguberrietako zorion-txartelak - Marijesiak -Hamabi mahatsak - Auld Lang Syne - Urteberri-eguneko asmoak |
Sukaldaritza |