Sorgin
Euskal Herriko mitologia eta sorginkeria
Ezaugarriak
Sexuaemakumezkoa
Baliokideaksorgin
Ogibideasorginkeria

Sorgin hitzak, euskal mitologian, izatez bere baitan bi izaki desberdin bereganatzen ditu. Alde batetik Mariren borondatearen gauzatzaileak diren sorginak, izaki miragarri bezain mitikoak. Bestalde sorgintzat jo zituzten emakumeak gauetan akelarre izeneko bileretara hurbiltzeaz salatuak izan zirenak. Zuberoan Belagile edo Sorsain izena hartzen dute.

Batzuetan, sorginak laminekin nahasten dira, nahiz eta izaki bera ez izan. Haiekin eta batez ere jentilekin batera, historiaurreko monumentu megalitikoak eraiki izana egozten zaie tokiko usadioen arabera, hau da, trikuharri, harrespil eta zutarriak.

Etimologia

Hitzaren jatorria ez dago argi.

Koldo Mitxelenak sor(tu) + gin osagaiak proposatu zituen, baina sor aditzaren "sorgortu, moteldu, (mina) arindu edo baretu " esanahia hobesten du, belagileek edo sorginek oinazea arintzen baitzuten.[1]. Bestalde, latinezko sortem hitzarekin lotzeko arazo handiak daudela idatzi zuen[2], izen horrek, *zortagin, *zortkin edo *zortgin emango zuelako.

Gaur egungo berezilarientzat baztergarri diren beste etimologia batzuk ere proposatu izan dira:

Erdal 'bruxa' hitzak jatorri zeltiarra izan dezake, 'brío' hotsak bezala, esanahi honekin: indarra > adurra (indar magikoa). "bruixa" hitza edo antzekoa sortzen duen erroa hizkuntza zeltiar guztietan zegoen oso antzeko forma batean. Hizkuntza galo-erromantzetan agertzen denez, horietan galieratik hartua izan daiteke. Adibidez, galizieraz oso bestelakoa da darabilten hitza: meiga. Wikitionaryn, 'bruixa' keltiberorik datorrela dioen arren, gaztelaniaz eta portugesezko 'brujo/bruja' eta 'bruxa' okzitanieratik hartu zuten eraginaren ondorio izan daitezke. Bestalde, latinezko 'sorte'-ri erreferentzia egiten dioten etimologiak erromantzezko 'sorcière' [sorgina] (< *sortarius) hitzaren haritik datoz.

Sorgin-ehizak eta aro modernoko epaiketen hilketak

Aro Modernoaren hasieran, Europa osoan barreiatu zen sorginenganako izua eta, horregatik, haien aurkako jazarpena eta epaiketak. Euskal Herrian ere izan ziren epaiketa edo sorgin-ehiza hauek, batez ere Nafarroa Garaian eta Lapurdin, hau da, Xareta osatzen duten herrien inguruan eta Donibane Lohizune inguruan.

Gaztelako Erresumak 1478 sortu zuen Inkisizioa, batez ere juduen eta musulmanen aurkako epaiketak egiteko. 1512-21 urteetan Nafarroako Erresuma konkistatzean, bertako sineskeren aurka ere ekin zuen, sorginak jomugan jarriz. Hala, 1525ean, operazio militar nagusiak amaitu eta hurrengo urtean, sorginen lehen jazarpen handia izan zen Nafarroan, eta Euskal Herrian.

Pertsekuzio ezagunena Inkisizioaren 1610. urteko Logroñoko prozesua izan zen, Zugarramurdiko akelarreari buruz. 12 emakume erre zituzten, haietako bost sinbolikoki, galdeketetako torturapean hil baitzituzten. Aurreko urtean, 1609an, Bordeleko epaile zen Pierre de Lancrek epaiketa erraldoia hasi zuen Lapurdin, uste baitzuen ia lapurtar guztiak sorginak zirela. Azkenean, 70 lagun erre zituen, artean zenbait apaiz. Azkenean, Bordeleko Parlamentuak itzularazi egin zuen, lapurtarren matxinadaren beldurrez.

XVI. mendeko Akelarre baten alemaniar irudikapena
1626. urteko Akelarrearen alemaniar irudi bat, Pierre de Lancre-ren tableau de l'inconstance des mauvais anges et demons-en 1612. urtean argitaratutako marrazkian oinarritua

Mendebaldeko historian gorde den sorginaren iruditeria, adibidez, erratzean hegal egiten duten sorginena, XV. mende amaieran eta XVI. mendean sortu zen. Ordu arte inork ikusi ez zuenaren irudia hainbat marrazkilari eta margolarik elikatu zuten. Bruegel Zaharra izan zen horietako artista bat.[5] Hala ere, sorginkeriaren inguruko sinesmenen irudia finkatu eta zabaldu zuena, eztabaidarik gabe, Pierre de Lancre izan zen. 1612. urtean bere ikerketa eta epaiketen batazbesteak "Tableau de l'inconstance des mauvais anges et demons" liburuan argitaratu zuen gehigarri batekin batera, Ziarnko Jan-en Akelarrearen grabatu erakuslea. Eta grabatu hau erakuslea izan zela esana beharra dago ondorengo artisten irudimena eta letragabe europarren asmakizunen iturri bihurtu zelako. Letragabe zen gizartean irudi horretan agertzen diren gertakizunak ahoz aho mendebaldeko Europan sorgin izua zabaldu eta horren ondorioz sorgin-ehizak sarraski batean bukatu zuten ondorengo urteetan.

Sorgin-ehiza itsasoa zeharkatu eta Europatik aparte Estatu Batuetan ere gertatu zen. 1692-93. urteetan Salemeko epaiketek amaitutzat eman zuten sorginen ehiza. Eskozian, 2.558 pertsona exekutatu zituzten 1563tik 1736era sorginkerian ibiltzea leporatuta.[6]

Elezaharrak

1608ko Compendium maleficarum-en azaltzen den irudi bat
Sorgin epaileen asmakizunek ez zuten mugarik. Ele zaharrak ondo dioen bezela: Gezurra, gezurra! Ipurdi zuloan sudurra!

Euskal elezaharretan ageri diren sorginak izaki miragarri eta izugarriak dira, Gauerdian hasi eta goizaldeko oilarraren kukurrukuraino bakarrik iristen da euren aginpidea. Pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputz atal bat falta zaie gehienetan, eskua, hanka edo burua. Katu itxura hartzen dute maiz. Euli itxuran logeletako zerrailu zulotik sartzen ziren lokartutakoei oinak zurrupatuz odola xurgatzeko.

Sorgin numenek Mariren eginkizunak betetzen dituzte. Askotan Mariren laguntzaile gisa sorgin bat du kobazuloan neskame bezala bai Anboton, Aloñan, Aketegin, Gorbean, Odeben, Putterrin, Sasterrin, Aralarren, Murun etab. Sorgin leizeak ere badira, Morgakoa, Mañariako Laskondokoan eta Baltzolakoan beste batzuen artean.[7]

Arrantzaleen sinesmenetan sorgin hitza esatea debekatua zegoen, tabu baten antzera zuten Lekeitioko eta Hondarribiko arrantzaleek itsasoratuak zeudenean.[7]

Gehienetan ezaren fruituak jasotzen dihardute gaua, beste askotan beraiengan sinisten ez dituztenak kaltetzen dituzte, beraien abereak eta uztak galtzen edo senideak gaixotzen, birao eta beste aztikerien bitartez.

Ele zaharrak dioenez:

« Direnik ez da sinistu bear; ez direla ez da esan behar »


Nolanahi kondairetan beraiengan sinisten ez dutenentzat erantzuna ere badute:

«
Ez geala, ba geala,
Hamalau mila hemen geala
Ez geala bainon bagaitun
Mari Petralin ezik
beste guztik hemen gaitun
»


XV-XVI-XVII. mendeetan, Europa osoan bezala, Euskal Herrian sorginen aurkako hainbat epaiketa egin ziren, batez ere 1609an Pierre de Lancre epaileak Lapurdin egindakoa eta 1610an Logroñoko prozesuan Zugarramurdiko akelarrearen aurka. Auzi hauetan guztietan herri-sineskerak, erlijioa, auzokideen arteko liskarrak eta politika elkarrekin nahasita zeuden.

Sorginei astintzeak ez du eraginik beraiengan, mintzeko itzalari jo behar zaio

Jesusen izena, gurutzeak, erruda, apioa, sutondoko ikatza , higa eta beste kuttun batzuk atzerantz botatzen ditu.[7]

Euskal elezahar Etxeko ateetan jartzen diren eguzkiloreak sorginak gelditu eta loreak dauzkan arantzak kontatzea behartzen ditu, modu honetan denbora-pasan egunsentia ailegatu eta oilarra kantua entzuteko unean etxean sartzeko saiakera bertan behera utzi beharra daukate. Eguzkilorea ikusita, egunaren argia baino gehiago, eguzkia dirudi beraiei menderatzen diena.

Kondairetan nahasturik ageri dira lehen aipatutako sorgin mitikoak eta gauez sorgin bilakatzen ziren auzoko bizilagunak. Edozein bizilagun sorgin bihur zitekeen, zu zeuk ere: elizari gauez hiru bira ematen bazenitun, gaizki bataiatuta bazina, sorgin arropak ereduan jasotzen bazenitun, sorgin baten orratzontzia oparitzen bazizuten, hilzorian dagoen sorgin batek ukitzen bazintuen edo eta deabrua besarkatu ondoren oinarekin gurutzearen keinua egiten duzun bitartean zera esaten bazenun:

porla se, zalpate, funte fa, funte fi, txiri biri, ekatsu, ekatsu, amen![8]

Sorginek, akelarrera joan eta etortzeko, ukendu berezi bat gorputzean hedatu eta honako hitzok esaten omen dituzte:

Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik

Elezahar askotan, sorgin izan edo sorginak miatu nahi duen batek hitzak alderantziz esaterakoan (Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik) guztiz urratua iristen da akelarrera.

Sorginekin zerikusia duten lekuak

Zugarramurdiko sorgin seinalea
Zugarramurdiko Kobazuloen kokapena agertzen duen seinalea

Euskal Herria osoan zehar, hainbat leku daude sorginekin zerikusia dutenak, askotan toponimiak adierazten duen bezala.

Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

Euskal sorgina
XVI. mendeko euskal sorgina

Lapurdi

Lapurdin 1609an epaiketa erraldoiak egin zituzten, Pierre de Lancre euskal jatorriko epailearen ardurapean, euskaldun guztiak sorginak zirelako uste osoa zuena.

Nafarroa Beherea

Nafarroa Garaia

Nafarroako eskualde asko jasan zituzten 1610eko Inkisizioaren epaiketak, batez ere Zugarramurdiko akelarrearen inguruan.

Egun badago sorginen beste irudi bat, batzuetan nahiko erromantikoa ere.

Zuberoa

Sorginak Pirinioetako beste zenbait lekutan

Euskal Herriko sorginen antzera ere, jazarpen handia pairatu zuten XVII.en eta XVIII.en urtetan, eta haren ondorioz Inkisizioak jende asko hil zuen.

Eleberriak

Azken urte hauetan emakumeen aldeko mugimenduak eta historiaren berrikuspenak antzinako sorgin-ehizetako sorginen irudiak eraldatzen joan dira, eta lehen deabruaren bikotekide zirenak trukean egun mantroi- eta sendabelar-egileak bide zirela ikusten da gehiago.

Belagile eta Sorsain izenak eredu honi hegalak ematen dizkio, lehenengoa belar egilez osatutako izena izan zezakeelako eta bigarrena umeak (naiz abereak) argitzeko zaintzan oinarritzen dela sinesmenean.

Julio Caro Barojak "Las brujas y su mundo" liburuan lehen eskuko bi berri aurkezten ditu sorginen sinismenak XX. mendean bizirik zihardutela erakusteko.

Lehena, R. medikuak esandakoa: 1929. urtearen inguruan udako gau batean, Debatik Bilbora doan kostaldeko errepidetik kotxez zihoala, Lekeitio eta Ispasterren artean errepide erdian geldirik zegoen bulto beltz bat zegoela ikusi zuen. Hurbiltzen eta klaxona jotzen zihoala, beataz metro gutxira emakume bat zela ohartu zen. Haserre, emakumeari errietan "Zergatik ez duzu kasurik egiten klaxona jotzen danean?" esan zion. Emakumea ezjakinean geratu eta ondoren barrezka "Ez ahal duzu ikusten akelarrean nagoela?" erantzun zion.Hori esan eta momentuan hondoko zelaitik beste pertsona batzuen ahotsak entzun ziren eta emakumea ziztu bizian aruntza joan zen, gizonak bere bidea jarraitu zuelarik.[10]

Bigarrena, Barojaren mediku lagun baten esanetan hala dio:1942. urteko abuztuan, asteko ez dakigun ze egun zehatzean baina bai gaueko hamaikak zirela jakinean, Gipuzkoako ezin ezan dezakeen auzo eta herri batean Orreagako mugatik gertu dagoen baserri batean jende multzo bat elkartu zen bazkari eta edari oparo baten ondoren. Afaldu eta gero ardoa eta bermuta edaten jarraitu zuten baserriko ukuiluan. Taldea etxeko andrea, sei gizon eta bi emakumez osaturik zegoen. Beroa egiten zuen harren (eta beraien mozkorrak berotzen ziela susmoan) ukuilu erdian enbor batzuk piztuak zeuzkaten. Nahiko zahar zen gizon bat, han zegoen baten aitaginarreba, zuzendaria zirudien eta bere agindu batez denak biluzi eta arropak paretan zeuden iltze batzuetan utzi zituzten eta honela noizean behin errepidera irteten ziren freskatzera. Hauetako batean etxeko andreak zopa pertza bat jarri zuen sugarren gainean. Zuzendariak sabaira igo eta handik katu bat bota zuen pertza barrura, han zegoen beste batek ziztu bizian tapa jarri zuen.

Katu zopa hori, mediku honen arabera, benetako errito baten moduan hartu zuten, zurrutada eta zurrutada bakoitzaren artean salmodia edo sorginkeri baten antzeko esanak euskaraz ziotela.

Horren ondoren beste gonbidatu batek aldare bat antolatu zuen egur taula batzuekin eta elizaren mezaren parodia antzeko bat antzeztu zuen. Txorizo bat hartu, zatitu eta jaunartzearen parodia egin zuten birao eta beste iseken artean. Jaunartzea jasotzen zutenean latinezko eredua esaten zuten. Gezurrezko mezaren barne euskarazko salmodia bat ere abestu zutelarik. Bertako bi edo hiru euren zakila eskutan zutelarik birao erritmikoak esan eta apoak harrapatzera irten ziren, batere harrapatu gabe.

Guzti hau gertatu zen bitartean emakumeekin larrua jotzen omen zen.

Denbora gutxira guzti hau zuzendu zuen gizon zahar horrek, herrian katolikotzat zutena, kristauen sinesmenaz barre egiten hil zen, bere buruari zeruan ardo onik egongo zen galdezka.[10]

XX. mendearen erdialdetik aurrera, Gerald Gardner-rek britaniarrak 1954. urtean Witchcraft Today liburua argitaratu zuenetik, Wicca delako neopaganismoaren sorrera bultzatu zuen. Margaret Murray, Charles Leland eta Sir James Frances-en lanetan prehistoriako jainkosaren erlijioaren teorian oinarrituak aitzinako sorginkeriaren sinismen erlijiosoa berreskuratzeko ahaleginetan zebiltzan taldeak hedatu ziren.[11]

Euskal Herrian gaur egun hauetako talderik egongo delakoan pentsa dezakegu.

Berez egoera hainbeste aldatzen joan zen , 1972. urtean Donostian "Sorgin-ikerketen lehen hitzaldi nazionala" (gazteleraz, I Congreso Nacional de Brujología) antolatu zela, hori bai, antropologia eta maisu ikerlarien ikuspegitik jasotako iritziak aztertzeko.

Dena den, XX. mendean euskal sorgin bat egon bada hori Marixu Guller da.

Maritxu Guller: Uliako sorgin ona

1993. urteko apirilak 4ean Isabako Maritxu Erlanz Mainz Donostian hil zen. Maritxuk bere abizena senarrarengandik jaso zuen eta bere bizi osoan izen zehatzik jarri gabe oparitzat zuen ahalmen berezi baten jabe izan zela zioen. Sinesmen horretan bere senideak lehenago eta bere senarra ondoren bera sinetsi eta ahalmen hori bideratzen lagundu zioten. Bizidunen argindarra (aura delakoa) eta etorkizuna ikusteko ahalmena izan harren ez zuen espiritismoan sinesten. [12]

1952. urtean Uliara joan zen bere senarrarekin bizitzea, 1957. urtean bere senarraren heriotza iragarri ondoren "Uliako sorgin ona" bezala ezaguna egin zen. Kartomantzia zen bere ahalmena bideratzeko eta etorkizuna ikusteko erabiltzen zuen modua, tarotako kartei "kartoi" deitzen bazien ere. Martixu Gullerrek Fournier etxearekin hiru Tarot argitaratzeko lanetan lagundu zuen:

EL GRAN TAROT ESOTÉRICO Luis Peña Longa-ren marrazkiekin 

EL  TAROT MÍTICO VASCO Angel Elvira-ren marrazkiekin

EL TAROT DE EUSKALERRIA Alfredo Fermín Cemillán "Mintxo"-ren marrazkiekin

Zioenez bidezkoa zen emakumeei tarota irakurtzen irakastea zeren , bere esanetan, gezurti eta fartsari asko zegoen dirua lortzekotan jende gizarajoei entzun nahierakoak esaten.

Tarota gertakizun kalkulagailu bat bezalakoa zela defendatzen zuen eta bere erabilera hedatzeko saiakerak egin zituen.[13]

XXI. mendeko sorginkeriak

sorginkeriak eskeintzen dituzten iragarkiak
Sorginkerien bila bazabiltza edonon aurkituko dituzu

Betidanik egon arren XXI. mendearen hasieratik sorginkeri egileak eta etorkizun iragarleak ugaldu dira. Etorkinek beraiekin batera bere kulturen erlijio sistemak daramatzate barneratuak, beraientzako ohizkoa dena gutako askorentzat exotikoa eta, sineskorrentzako, baliagarria dirudi.

Ez da gauza berria, Espainiako XIX. lege kodearen aldaketak lagungarri izan ziren sorginkeri hauen zabalkuntzarako, lehen zeuden Espainiako lege kodeak zorrotz jotzen zituen eliza katolikoak aztikeriatzat zituzten jokabide eta eginkizunak. Eliza katolikoaren sorgin-ehizak XVII. mendean bukatu baziren ere Espainiako eliza katolikoak, inkisizio espainiarra zuela medio, mendeetan gogor zigortu zituen bere usteen aurka zihoan guztia.[14]

2020. urtean, tamalez, edonon topa ditzakegu sorginkeriak eskaintzen dituzten iragarkiak, buzoietan, kotxeko leihatilan eta gehienetan gure herrietako kaleetan lurretik botata.

Lehenagoko sorginak baliteke aspaldian galdu izana, baino, badirudi gizakiaren oinarrizko izaeran gainontzekoei kaltea eragiteko ahalmena betiko eta betirako gauza bat dala.

Oharrak

  1. Sortem, Sors izen arruntaren akusatiboa da.

Erreferentziak

  1. MITXELENA, K. (1970). "Nombre y verbo en la etimología vasca". Fontes Linguae Vasconum, 4, 72. or, oharra. Iruña: Nafarroako Gobernua, Vianako Printzea Erakundea. PDF deskarga daiteke César Borgia Dokumentazio zentroan:
  2. MITXELENA, K. (1955): Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio Urquijo", 2. Donostia: Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 25. or.
  3. a b Azurmendi, Mikel. (1993). Nombrar, embrujar: para una historia del sometimiento de la cultura oral en el País Vasco. Alberdania, 243 or. ISBN 848866302X. PMC 31044117. (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  4. Julio., Caro Baroja,. (). Las brujas y su mundo.. ([4. ed.]. argitaraldia) Alianza Editorial, 358 or. ISBN 8420610127. PMC 2943130. (Noiz kontsultatua: 2018-12-30).
  5. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2019-11-02). «¿Cómo llegaron las brujas a volar en escoba?» Verne (Noiz kontsultatua: 2019-12-12).
  6. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-01-05). «Perdón y memoria para las más de 2.500 brujas de Escocia» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-01-06).
  7. a b c (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitología del Pueblo Vasco. Ostoa, 125 or. ISBN 84-88960-18-6..
  8. (Gaztelaniaz) Barandiarán, José Miguel de. (1997). Mitología del Pueblo Vasco. Ostoa, 128 or. ISBN 84-88960-16-6..
  9. Usúnariz Garayoa, Jesús María. (2012). Akelarre: la caza de brujas en el Pirineo (siglos XIII-XIX): homenaje al profesor Gustav Henningsen. (The Witch-Hunt in Early Modern Navarre (XVIth-XVIIth centuries)). Eusko Ikaskuntza = Sociedad de Estudios Vascos, 314 or. ISBN 978-84-8419-238-1. PMC 828393218. (Noiz kontsultatua: 2019-01-01).
  10. a b (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1966). Las brujas y su mundo. Alianza Editorial, 283-284 or..
  11. (Gaztelaniaz) [|Valdivia, Wladimir]. (2020). WiCCA. .
  12. (Gaztelaniaz) [|Maritxu Guler, Mitxel Casas]. Youtube elkarrizketa 1 atala. .
  13. (Gaztelaniaz) [|Maritxu Guller, Mitxel Casas]. Youtuben elkarrizketaren 2. atala. .
  14. (Gaztelaniaz) Martinez-Pereda, José Manuel. (1991). Magia y delito en España. Laida, 194-200 or. ISBN 84-87168-22-1..

Ikus, gainera

Kanpo estekak