Dadaismoa edo dada XX. mende hasieran sortutako abangoardiako arte mugimendua izan zen. Zurichen sortu zen, 1916. urtean eta hurrengo urteetan, 1923 inguruan desagertu bitartean, Zurichetik New York, Berlin, Kolonia, Paris eta Hannoverera zabaldu zen hainbat margolari, idazle, kritiko eta beste arte alorretako artisten eskutik.

Sorrera

Hugo Ball Züricheko Cabaret Voltairen, 1916an

Dadaismoa 1916an sortu zen, esan bezala, Hugo Ballek Zurichen zabaldu zuen Voltaire Kabaretean. Zurich hiri burgesa zen XX. mende hasieran, eta Lehen Mundu Gerraren garaian hainbat herritatik ihesi joandako matxinatuen bilgune bihurtu zen. Han elkartu ziren Huelsenbeck eta Ball alemaniarrak, Tzara errumaniarra, etab. Olerkigintzari, antzerkiari, abestiari, dantzari eta abarri eskainitako ekitaldiak antolatu ohi zituzten kabaret hartan Hennings, Tzara, Arp, Janco, Huelsenbeck, Richter eta abarrek. Izan ere, horixe zen dadaisten xede nagusietako bat: hainbat generoren arteko nahasketa, eta, artearen alorren arteko muga desagerraraziz, zera homogeneo eta koherente bat osatzea.

Dada deiturari buruz, bestalde, hainbat azalpen eman izan dira, baina gaur egun zabalduen dagoenaren arabera, frantses hiztegi batetik hartu bide zuten dada, hitza, ausaz. Zurichen hildutako kideek Lehen Mundu Gerra ondoren nagusitu ziren balio eta bizimodu burgesen kontrako eta burgesiaren literatura eta arte joeren kontrako jarrera zuten. Jarrera arrazionalisten eta kultura tradizionalaren kontra azaldu ziren dadaistak oro har, eta jarrera hori aditzera emateko bide gisa antiartea, obra antiestetikoak eta protesta ekintzak erabili zituzten. Zoriaren legea zen errespetatzen zuten bakarra, eta beren irudimena, berriz, errespetatu zuten errealitate bakarra. Eta bide eta helburu horiek landu nahi zituen talde batentzat egoki iritzi zioten dada hitzari.

New York

New Yorkeko higikunde dadaista Alfred Stieglitzek hiri horretan zuen 291 arte galeriaren eta Walter Arensbergsen estudioaren inguruan egituratu zen, 1915 eta 1917 bitarteko urteetan. Dadaismoari jarraituz hainbat ekintza antolatzen zituzten, Zurichen egiten zirenen aldi berean, baina era independentean eta ez haiek bezain asaldariak.

Artista dadaista aipagarrienak Man Ray, Morton Schamberg, Marcel Duchamp eta Francis Picabia izan ziren. Haiek guztiek joera estetiko estandarren kontrako iritzia azaldu zuten bere obren eta zenbait idatziren bidez, The Blind Man edo New York Dada aldizkarien bitartez, besteak beste, eta eragin handia izan zuten Ameriketako artean. Oro har, zoriaren, edo halabeharraren printzipioan oinarritu zuten beren lana eta aurkituriko objektuei balio berria, ohiko testuinguruaz kanpokoa, eman ohi zieten. Picabiak hainbat bidaia egin zituen New York, Zurich eta Paris artean, eta horrela bideratu zuen talde dadaisten arteko nolabaiteko koordinazioa.

Alemaniako dadaistak : Berlin, Kolonia, Hannover

Zurichen dada higikundearen sorreran parte hartu zuen artistetako batek, Huelsenbeckek ezagutarazi zuen dada higikundea Berlinen, baina kasu honetan, Berlingo talde dadaistak (1918-1923) izaera politikoagoa hartu zuen dadaismoaren sorlekuan izan zuena baino. Weimar Errepublikaren errestaurazioaren kontra egin zuten batez ere, eta mugimendu iraultzaile marxistaren izaera hartu zuen.

Franz Jung eta Johannes Baader izan ezik, dena den, artistak izan ziren gainerako alemaniar dadaista aipagarrienak: Hausmann, Grosz, Huelsenbeck bera, etab. Artista haiek gehien erabiltzen zuten adierazpen tresnetako bat fotomontaketa zen, hau da, argazki itsatsiak mezu inpirimatuekin nahastuz eginiko obrak. Teknika horrek John Heartfield dadaistak nazien kontra egindako lanekin (Adolf supergizona) iritsi zuen gorena. Beste zenbait herritan hezala, dadaistek hitzaldiak eta ekintza deigarri eskandalugarriak antolatu zituzten Berlinen ere, eta zenbait aldizkari eta agiri eman zuten argitara.

Kolonia izan zen higikunde dadaistak indar gehien izan zuen alemaniar hirietako bat. Izan ere, han nabarmendu ziren 1919- 1920 urteetan, besteak beste, Max Ernst eta Hans Arp, eta geroago haiekin bat egin zuen Kurt Schwitter Hannoverkoak. Hasieran komunismoaren bideari heldu zioten, baina, Arpek Zurichen egindako egonaldiaren ondoren, jarduera artistikoetan murgildu ziren buru-belarri. Max Ernst (1891-1976) izan zen dadaista alemaniarretan nagusia. Collage kubista landu zuen batez ere, eta hainbat tresnaren atalen ilustrazioak erabili zituen bere lanetan. Elkarrekin inolako zerikusirik ez zuten irudiak konbinatzen zituen. Hans Arp (1887-1966), berriz, collage mota berri baten asmatzaile gisa da batez ere azpimarratzekoa. 1916 eta 1919 bitartean, dada higikundearen sorreran, osatu zituen bere lehen erliebe polikromoak eta xilografiak, eta dadaisten ekimenetan eta abangoardiako zenbait higikundetan parte hartu zuen.

Koloniako eta Hannoverko talde dadaistetan aipatzekoa da, orobat, Kurt Schwitters, 1918tik aurrera batez ere. Hasieran margolaritza figuratiboa landu zuen Schwittersek. Gerora hondakin arrunten konbinazioak osatuz esperimentatu zuen, eta kalitate poetiko eta plastiko handiko lanak sortu zituen. Hori dela eta, ezin esan daiteke erabat dadaista zenik, eta, horrela, Berlingo talde dadaistak bazterrera utzi zuen Schwitters.

Max Ernsten Parisko lehen erakusketaren katalogoa (1921)

Paris

Parisen beste zenbait hiritatik iritsitako artisten eskutik zabaldu zen dada higikundea, Ameriketako, Zuricheko eta Alemaniako zenbait hiritako taldeetako kideen eskutik hain zuzen ere. Picabia Parisa iritsi zenean sortu zela esan daiteke Parisko taldea, 1919an, eta ondoren Tristan Tzara olerkaria izan zen taldearen bultzatzaile nagusia. Baina sortu eta desagertu ia aldi berean egin zela esan daiteke, 1920-1921. urteen inguruan hain zuzen ere.

Picabia, Duchamp eta Ernstek erakusketa handiak egin zituzten Parisen. Parisko artista dadaisten artean bi joera nagusi bereizi ziren: batzuek Zuricheko izpirituaren alde egin zuten, Tzara zutela buru, eta besteak, berriz, surrealismoaren aitzindari izan ziren, André Bretonen gidaritzapean, eta seriotasun handiagoa eta metodo zorrotzagoa erabili zuten. Hain zuzen ere, dada higikundea desagertu zenean, surrealismoari heldu zioten egile dadaista gehienek. Parisen desagertu zen dadaismoa, Bretonek 1922an antolaturiko Dada Biltzarrean, eta surrealismoak hartu zuen haren lekua.

Poema bat nola egin

Tristan Tzarak poema bat egiteko metodoa plazaratu zuen Sept manifestes Dada liburuan, 1924an:

Egunkari bat hartu
Egunkarian zure poemaren luzerako artikulua aukeratu
Moztu artikulua
Ondoren, kontu handiz, artikuluaren hitzak moztu eta poltsa batean sartu
Leunki nahastu poltsa
Orain banan-banan moztutakoak joan ateratzen
Zehatz-mehatz hitzak ondo asko kopiatu ateratako ordenenean berean
Poemak zure antza izango du
Eta zu idazle ikaragarri originala eta sentiberatasun liluragarrikoa zara
Nahiz eta ezjakinek ez ulertu

Sakonago irakurtzeko

 


Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak