Hamaika Telebista | |
---|---|
![]() | |
Jabea | Hamaika Telebista Hedatze Taldea S.A. |
Emisio eremua | ![]() |
Hasiera data | 2006ko irailaren 19a (17 urte) |
Egoitza | Bilbo eta Donostia |
Baliagarritasuna | LTD, Euskaltel |
www.hamaika.eus |
Hamaika Telebista euskarazko telebista-kateetako bat da. Egoitzak Bilbo, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ditu, eta batik bat Euskal Herriko gaurkotasuna lantzen du. Telebista-kate handiekin konparatuta aurrekontua askoz txikiagoa duenez Hamaikak bere espazioa bilatzen du telebista-eredu gazte, bizi, hiriko eta parte hartzailea egiten. 2006an sortu zen, euskarazko komunikabideak hedatzeko helburuarekin. Kable bidez eta modu digitalean ikus daiteke, baita antena bidez edo Android eta iOS sistemetako gailu eramangarrietan ere.[1] Orokorrean, ikuspegi ezkertiarretik lantzen dute informazioa, ezaugarri hauek lortu nahi ditu: euskalduna eta euskaltzalea, gertukoa eta Euskal Herrikoa, baterakoia eta zabala, independentea, parte hartzailea, aurrerakoia eta berritzailea.[2] Edukiak lizentzia librearekin zabaltzen ditu (CreativeCommons-Aitortu-PartekatuBerdin, CC-BY-SA).
Beren webgunean azaltzen dutenez, Tokiko Telebista Digitalen lizentziak lortu eta eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat bermatzea du helburu nagusi.[2][3] Horregatik, Euskarazko Toki Telebisten Sarea osatu du lehendik martxan zeuden telebistekin elkarlanean.[4]
Ildo editorialaren ezaugarri nagusiena euskalduna izatea da. Hiritarra, modernoa eta teknologia berrietan aurreratua izatea da beraien adierazgarri. Hori dela eta, telebistako programa guztietan hitz egiten da euskaraz, eta normalean gonbidatu edo elkarrizketatuei dagokienez, genero parekidetasuna mantentzen ahalegintzen dira. Kazetari gehienak emakumeak dira. Baina, azken batean, Euskal Herrikoa, euskalduna eta berritzailea izatea izango lirateke bere hiru ezaugarri nagusiak.
Hamaikaren historian zehar mota askotako saioak ekoitzi eta igorri ditu. Saio garrantzitsuenak edo hedapen handiena izan zutenak zerrendatuko dira. Programazioan, albistegia da pisu handiena hartzen duen saioetako bat Hamaika Telebistan.[5]
Gurean gaur eta Gakoak dira eguneroko albistegiak. Beñat Zarrabeitia, Ekhine Atorrasagasti eta Oihan Larrañaga izan dira aurkezleetako batzuk, baita Irati Elizalde, Jon Gomez, Naroa Iturri, Irati Sarasua, Nekane Zinkunegi eta Nagore Uriarte ere. Batik bat, euskal politika eta gizarteari ematen diote garrantzia, baina baita kultura, teknologia edota jai eta elkarretaratezei ere.[6] Bestalde, Nafarroa Gaur albistegia Iruñetik egiten dute Iosu Ganuza da aurkezlea.
Aktualitateko gaiei errepasoa egiten diote Ekhiñe Atorrasagasti eta Naroa Iturrik Kolpez kolpe programan alboko sofan jezartzen diren gonbidatuekin.[10]
Programa bereziak pantailaratu ohi dituzte urtean zehar antolatzen diren ekitaldi kultural edo jai-girokoen inguruan; adibidez, Durangoko azoka, hiriburuetako aste nagusiak edo Donostiako zinemaldiari buruz (Zurriolako butaka).
Hamaika Telebistaren egitura enpresa ezberdinek osatzen dute. Sei enpresa daude sortu zen unetik oinarrian: Araba Ikusentzunezkoak, S.A. (Laudio eta Gasteizeko barrutietarako); Arno Ikusentzunezkoak S.L. (Eibarren); Donostialdea Ikusentzunezkoak S.A. (Donostian); Oarsoaldea-Bidasoa Ikusentzunezkoak S.L. (Irunen); Urkiola Ikusentzunezkoak S.L. (Durangon); eta Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.k (Bilbon, Barakaldon, Getxon eta Mungian).[12][13]
Enpresa bakoitzak independenteki funtzionatzen badu ere Hamaika Telebista Hedatze Taldea SAren baitan biltzen dira enpresa guztiak. Hamaika Telebista Hedatze Taldeak Sozietate Anonimo gisa funtzionatzen du baina, fundazio handiago batek barnebiltzen du hedabidea. Fundazio horren helburu nagusia ikus-entzunezko piezak euskaraz egiteak dakarren gainkarga ekonomikoa arintzea da.[14]
Fundazioaren barnean, hasieratik gaurdainoko sustatzaileak honakoak dira:
Egitura hori osatzeaz gain, Euskal Herrian emititzen ari ziren euskarazko tokiko telebistekin harremanetan jarri zen eta elkarlanean aritzeko Sare hitzarmena sinatu zuten.[15]
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen zuzendari nagusia Iñaki Uria idazle eta kazetaria da. Bazkide bakoitzeko ordezkari bat dago administrazio-kontseiluan. Honela osatzen da: Iñaki Alzaga (CMN) lehendakari, Joanmari Larrarte (EKT) lehendakariorde eta Gorka Altuna (EKHE) idazkari.
Hamaika Telebistako eduki guztiak doakoak dira. Webgunea nahiz telebista libreki ikus daitezke, eta sortzen dituen edukiak lizentzia librearekin zabaltzen ditu (CreativeCommons-Aitortu-PartekatuBerdin, CC-BY-SA).
Hamaika Telebista diruz lagundu nahi duen orok babesle izateko aukera dauka. Urtean diru kopuru bat emateko konpromisoa eskatzen da, eta horren truke onura batzuk jasotzen ditu babesleak (norbanakoa zein eragilea izan daiteke), Hamaika Telebistako plataforma desberdinetan bere burua iragartzea ahalbidetzen diona. Ematen den diru kopuruaren arabera lau aukera daude: babesle estrategikoa, babeslea, laguntzailea eta laguna. Babesle hauek Hamaika Telebistako fundazioaren parte bilakatuko lirateke.[16]
Euskarazko ikus-entzunezko medio bakarra izanik, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak jasotzen ditu, publizitate instituzionala edukitzeaz gain. Tokiko telebistek jasotzen duten diru laguntzaren zati bat ere Hamaika Telebistari bideratzen zaio eta interneten jarduteagatik ere beste laguntza bat jasotzen du.