Xabier Lizardi | |
---|---|
(1933) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jose Maria Agirre Egaña |
Jaiotza | Zarautz, 1896ko apirilaren 18a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Lehen hizkuntza | euskara |
Heriotza | Tolosa, 1933ko martxoaren 12a (36 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: pneumonia |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | antzerkigilea, poeta eta idazlea |
Kidetza | Euskaltzaleak |
Mugimendua | Euskal Pizkundea |
Izengoitia(k) | Juan EL caballo loco |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea |
Jose Maria Agirre Egaña,[1] ezagunagoa Xabier Lizardi goitizenez (Zarautz, Gipuzkoa, 1896ko apirilaren 18a - Tolosa, 1933ko martxoaren 12a) euskal idazlea izan zen, batez ere olerkaria. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Tolosako enpresa batean sartu zen lanean. Euskaltzaleak elkartea sortzen lagundu zuen, eta bere garaiko ekintza kultural eta politikoetan parte hartu. Gipuzkoa Buru Batzarreko kide eta buruzagi izatera iritsi zen. Esteban Urkiaga Lauaxeta (1905-1937) eta Nicolas Ormaetxea Orixerekin batera, bere aroko olerkari hoberena dugu. Biotz-begietan, 1932an argitaratua, kritikariek oso aintzakotzat hartu zuten. Xabier Lizardi hil eta gero, Aitzolek haren Umezurtz olerkiak argitaratu zituen.
Gerra Zibilaren aurretiko olerkari lirikorik behinena, izadiaren —izadi edertuaren— olerkaria izan zen. Lizardiren prosa haren poesia bezain originala da. Itz lauz izeneko bilduman lehen mailako idazle, estilo pertsonal eta moderno baten jabe ageri da.
Hamar urte zituela, Tolosara aldatu zen familia, eta han hasi zen berreskuratzen erdi galdua zuen euskara. 1916an Bilboko Euzko-Deyan idazten hasi zen, lanak Zarauztar Sabin eta Samaiko Zulo izengoitiez izenpetuz. Urtebete geroago (1917) Zuzenbide ikasketak amaitu zituen Madrilen. Perot fabrikako kudeatzaile izateko kontratatu zuten Tolosan bertan(1923).
Arrasaten 1927an ospatutako Euskeraren Egunean gailendu zen eta han lehen aldiz Xabier de Lizardi izengoitia erabili zuen. Euskararen aldeko ekintzaile nekagaitz agertu zen: euskarazko egunkari bat argitaratzeko asmoa landu zuen; Larramendiren ohoretan egin ziren literatura jaiak antolatu zituen, eta ekinaldi askotako lankidea izan zen (Errenteriko Euskeraren Eguna, Segurako Ume Euskaldunaren Eguna, Bergarako Euskeraren Eguna, Kirikiño Sariaren antolakuntza, eta abar).
Euskaltzaleak elkarteak, Lizardi bazkide zuela, sakabanatuta zeuden olerkariak bildu nahirik, Euskal Poesiaren Eguna antolatu zuen Errenterian Luis Jauregiren omenetan (1930). Bertan esku hartu zuen Lizardik, hiru poesia aurkeztuz. Hurrengo urteko ekitaldirako, Tolosan Emeterio Arreseren ohorez idatzitako Urte-giroak ondu zuen, «Lizardiren obrarik garaiena» (Aitzol). 1932an Biotz-begietan, olerki bilduma ospetsua, eta bi antzerki lan, Laño ta izar eta Bi aizpak argitaratu zituen. Urte berean, Kirikiño Saria irabazi zuen Etxe-barne bizia izeneko artikuluarengatik. 1933an 36 urte besterik ez zituela, pneumoniak jota hil zen.[2]
Hil ondoren, Lizardiren beste liburu bat plazaratu zen: Umezurtz-Olerkiak (1934). Urte berekoa da Itz lauz izeneko artikulu bilduma. Geroago, 1953, Ezkondu ezin zitekeen mutilla antzerki lana agertu zen.
Mikel Laboak abesti bat sortu zuen Bernardo Atxagaren Lizardiren omenez idatziriko olerki baten hitzetan oinarrituta. 1985ean argitaratu zuen Sei albumean,[3] baita geroago 1997ko Zuzenean albumean ere.[4]
Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburuko gutxienez 8 orritan irudikatzen da Laboak abestia nola sortu eta grabatu zuen. Grabatzeko estudioan sartu eta egin zuen lehenengo saioa nahikoa izan zen grabazioa borobiltzeko, estudioan grabazioa ikusten ari ziren Jean Phocas soinu-teknikaria, Iñaki Salvador musikaria, eta Marisol Bastida guztiz hunkitu zirela. Abestiaren inguruko fantasiazko irudiak.[5][6]
Doinua erritmoaren aldetik tangoa denez, Laboak dantzatu ere egiten zuen abestia interpretatzen zuenean, pianoan Iñaki Salvador aritzen zela.[7]
Hau da Bernardo Atxagakren olerki ezaguna:[8]
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Xabier Lizardi |