Maxux Aranzabe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Maria Jesus |
Jaiotza | Alkiza, 1966ko azaroaren 8a (57 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Tesi zuzendaria | Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez Jose Mari Arriola Egurrola |
Doktorego ikaslea(k) | Itziar Gonzalez-Dios Begoña Altuna |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | hizkuntzalari konputazionala eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Ixa taldea Udako Euskal Unibertsitatea |
Maxux Aranzabe Urruzola (Alkiza, 1966ko azaroaren 8a) hizkuntzalaria, Ixa taldeko ikertzailea eta Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Ixa Taldeko bere jardunean zientziak eta letrak uztartzen ditu: hizkuntzalaritza (letrak) eta informatika (zientziak).[1][2]
Tolosako ospitalean jaio zen Alkizarra da.
Deustuko Unibertsitateko EUTG Eskolan Euskal Filologian lizentziatu zen 1989an, eta Euskal Filologian doktore-gradua lortu zuen 2008an EHUn. Gaur egun, irakasle agregatua da EHUn, eta Ixa taldeko kidea da 1999tik. Bere argitalpenak hizkuntza naturalaren prozesamenduaz ari dira batez ere. Testu zientifiko-teknikoen alderdi tematikoak, diskurtsiboak, lexikoak eta gramatikalak ere landu ditu azken urteetan.
Besteak beste Miren Azkarate eta Patxi Altuna izan zituen irakasle. Euskal Filologiako doktorea da, eta lexikografia, corpusgintza, sintaxi konputazionala dira haren lan esparruak.
« | Hizkuntza baten erabilera bultzatzeaz gain, hizkuntza horrek mundu digitalean duen presentzia ere zaindu beharreko arloa da. Zentzu horretan, euskara Europako beste hizkuntzen mailan egon ahal izateko, hizkuntza-teknologiak lantzea ezinbestekoa da. | » |
—Maxux Aranzabal[1] |
EHUko Gipuzkoako campusean irakasten du Kimikako Graduan. Zehazki, bere irakasgaiak hauek dira: i) Idatzizko komunikazio zientifiko-teknikoa euskaraz, eta ii) Ahozko komunikazio zientifiko-teknikoa euskaraz.
Udako Euskal Unibertsitatean, eta Euskal Herriko Unibertsitatean master mailan lexikografia konputazionala eta sintaxi konputazionala ere irakatsi ditu.[3]
Euskal Filologian doktorea da, Arantza Diaz de Illarraza eta Jose Mari Arriolaren zuzendaritzapean euskarazko sintaxi konputazionala lantzen aitzindari izan zen "Dependentzia-ereduan oinarritutako baliabide sintaktikoak: zuhaitz-bankua eta gramatika konputazionala" izeneko tesiarekin (Euskal Herriko Unibertsitatea, 2008).[4][5][6] Lehenago ere hasia zen Ixa taldean ikertzen, eta Xuxen eguneratzeko erabiltzen den Euskararen Datu-base Lexikaleko lantaldean parte hartu zuen.[7]
Gai horretan sartuta Itziar Gonzalez-en tesia zuzendu zuen Arantza Diaz de Illarrazarekin batera, 2016an aurkeztu zen tesia. Euskarazko testu konplexuak automatikoki sinplifikatzeko metodo bat proposatu zuen. Hitz arraroak edo egitura sintaktiko luze eta zailak automatikoki ulergarriago bihurtzea zen bere ikerketaren helburua.[8][9][10][11] 2014an Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen Txiotesia lehiaketako saria irabazi zuen Itziar Gonzalezek.[12] Tesian egiten zuten azterketa linguistikoa eta tratamendu konputazionala azaldu zuen.
Sintaxiak esaldiaren egitura zein den eta esaldi horretako elementuak nola eta zein hurrenkeran azaldu diren aztertzen ditu. Sintaxia funtsezkoa da morfologiaz harantzago joan nahi duten aplikazio eta tresnak garatzeko: dokumentu-bilatzaileak, galdera-erantzunen sistemak, itzulpen automatikoa, testuen sinplifikazioa, testuen laburpena eta abar. Zuhaitz-bankuak sintaktikoki etiketatutako corpusak dira. Dependentzia sintaktikoak hizkuntza guztietan modu berean etiketatu nahi dira dependentzia unibertsalen bitartez. Euskaraz ere lortu dute hori.[13]
Sintaxi konputazionalaz gain, oro har, euskararen corpusgintzan eta lexikografian ere aditua da Aranzabe.[14]
2014an "Birformulazioa eta birformulatzaileak euskaraz" izeneko liburua argitaratu zuen UPV/EHUn beste hauekin batera: Xabier Alberdi Larizgoitia, Pello Salaburu Etxeberria, Julio Garcia Garcia de los Salmones, Mikel Iruskieta Quintian, Miren Azkarate Villar, Maxux Aranzabe Urruzola, Jose Mari Arriola Egurrola, Ines M. Garcia Azkoaga, eta Maribi Unamuno Garate.[15]
Hainbat aldizkari eta egunkaritan idatzi ditu artikuluak, besteak beste hauetan: ASJU, Elhuyar: Zientzia eta teknika, Literary and Linguistic Computing, Senez.
Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak sorturiko lanak 25 baino gehiago dira.[16][17]
Udako Euskal Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Sailean ere aritu izan da irakasle gisa hainbat urtez. Esaterako, 2017an "Euskarazko denbora-informazioaren azterketa prozesamendu automatikorako" hitzaldia eman zuen Begoña Altuna-rekin, eta 2016an "Dibulgaziozko testuak idazteko estrategiak" hitzaldia.
2009an "Morfologia eta sintaxiko ariketak konputagailuaren bidez" izeneko ikastaroa eman zuen Kepa Sarasolarekin.[18][19]
Ixa Taldeak hizkuntza prozesatzeko 27 produktu erregistratu ditu 27 urtetan.[20][21][22] Produktu horien artean honako hauen garapenean parte-hartze zuzena izan du Aranzabek:
Hainbat sari lortu ditu Maxux Aranzabek Ixa Taldeko kide moduan; besteak beste hauek: