XX. mendean, lapurtera eta behenafarrera bereizirik sailkatu ziren; hala ere, Koldo Zuazoren arabera, egun euskalki bakar bat osatzen dute (nafar-lapurtera), bi azpieuskalki nagusi dituena:[1]
Neurri txikian (eta gero eta txikiagoan) bada ere, Oiartzualdeko eta Bidaso Behereko hizkerek badute lapurteraren ezaugarririk, XVI. mende arte lapurterak izan baitzuen eraginik handiena Gipuzkoako ipar-ekialdeko eremu horretan.[2]
Nafar-lapurtar euskarak ezaugarri nagusi hauek ditu:[1]
Euskalkiaren eremu gehienean arrotza da i bokalak eragindako bustidura; il, in eta it bere horretan esaten dira gehienetan, busti gabe: edozoini 'edozeini', gainetik, etxezaina, etxeraino... Gainera, erdaratik hartutako maileguetan ere palatalizazioa saihesteko joera egon da: bainu, botoila 'botila'. Dena dela, azken bilakaera hori ez da gaur egun emankorra. Bazter bietako hizkerek hausten dute euskalkiaren batasuna: Zuberoatik gertuko hizkeretan bada bustidurarako joera ahul bat eta Lapurdiko itsasbazterrean askoz indartsuagoa da.
tx- hasieran duten hitzetan, horren ordez x- esaten da: ximino, xingarra 'urdaiazpikoa', xirula, xoko, xori... Salbuespenen bat gorabehera (txar), hitzen hasierako tx- arrotza da.
nehor 'inor' egiturako izenordainak erabiltzen dira: nehork 'inork', nehori 'inori', nehun 'inon', nehundik 'inondik', nehorat 'inora'... Antzina, horrelakoak Nafarroako alderdi batzuetan ere bazeuden, baina jatorriz Ipar Euskal Herrikoak direla ematen du, ziurrenera, Lapurdin sortuak.
Eremu gehienean erabiltzen den atzizki txikigarri ohikoena -ño da: amaño 'inude', baño 'bakarra', haurño 'haurtxo', poxiño 'apurtxo'…
Euskalkiaren eremu gehienean erdarako -on amaiera -oin egiteko joera egon da: arrazoina 'arrazoia', botoina 'botoia', kantoina 'kantoia', sasoina 'sasoia'... baina egun, frantsesetik sartzen ari diren mailegu berrietan, -ona egiteko joera dago: balona, marrona...
Mailegu zaharretan -aia amaiera ageri da: bisaia 'aurpegia', lengoaia 'hizkuntza', kuraia 'kemena', salbaia 'basatia', usaia 'ohitura'... Arau hori ez da gaur emankorra, mailegu berrietan -adxa egiten baita: depanadxa 'konponketa' (< dépanage), rezikladxa 'birziklatzea' (< recyclage)…